Larunbat borobila Eibar Eskubaloia klubeko lehen taldeentzat
Eibar Eskubaloia klubeko lehen taldeek bata bestearen atzetik jokatu zuten larunbatean, otsailak 21, Ipurua kiroldegian. Gozamena izan zen zale eibartarrentzat, talde biak izan baitziren garaile.
Lehenik, gizonezkoen txanda izan zen. Loyola izan zuten aurkari 1. Maila Nazionalean jokatzen duten mutilek eta nagusitasun osoz gailendu zitzaien, sailkapeneko hirugarren postua sendotuz.
Garaipen horrekin, eibartarrek 32 puntu dituzte, Romo bigarren sailkatuarengandik bost puntura. Orain, Ereintzari egingo diote bisita larunbatean, otsailak 28, 19:30ean.
Emakumezkoak garaipenaren bidera
Bigarren partiduan Zilarrezko Mailan diharduten emakumezkoek jokatu zuten eta, eurak ere, garaile irten ziren. Eibartarrak puntuak lortzeko gosez iritsi ziren lehiara, azken lau partiduetan porrota besterik ez zutelako ezagutu. Camargo izan zuten arerio eta oso lehia serioa jokatu behar izan zuten garaipena lortzeko. 19-16 irabazi zuten eibartarrek eta, Bera Bera-ren porrota aprobetxatuta, sailkapeneko 4. tokia berreskuratu dute.
Hurrengo partidua Zaragozako Alberto Maestro kiroldegian jokatuko du Eibar Eskubaloiak, larunbatean, otsailak 28, 18:00etan.