Lau auzozain gehiago egongo dira Eibarren, segurtasuna indartu eta herritarrengandik hurbilago egoteko

Auzozain hauek bizilagunekiko lotura indartu, eta herri barruko arazoak azkarrago konpontzea ahalbidetuko dute.
Lau auzozain gehiago egongo dira Eibarren, segurtasuna indartu eta herritarrengandik hurbilago egoteko
2025/04/07 16:29
eta kitto!

Aurten 4 auzozain gehiago jarriko direla iragarri dute Eibarko Udaletik, "auzozainek oso zeregin garrantzitsua dutelako herritarren segurtasunean eta ongizatean".  Agente hauen identifikazioa errazte aldera, auzozainek bereizgarri bat eramango dute, herrian duten erreferentzia-eginkizuna indartuta. Herriko gune estrategikoetan egongo dira, hala nola ikastetxeetan sartzeko eta irteteko orduetan, asteroko merkatuetan edo haur- eta gazte-parkeetan jende asko ibiltzen den orduetan. Hiri osoan estaldura eraginkorra bermatzeko, "lau auzozainetako bakoitza eremu espezifiko batez arduratuko da: Amaña-Legarre, Urki-Ipurua, Jardiñeta-Ekialdea eta Erdialdea"

Zaintza mota honen funtsezko alderdietako bat da hainbat kolektiborekiko zuzeneko harremana, hala nola, dendariak, ostalariak, heziketa zentroak, gizarte kolektiboak eta auzo bakoitzeko bizilagunak. "Zuzeneko lotura horren bidez, eremu bakoitzeko problematika zehatzak ezagutu ahalko dira, eta errazagoa izango da haiei irtenbide azkarrak eta eraginkorrak ematea". azaldu dute.

Beste unitate batzuekin alderatuta, auzozainek oinez eta motorrez patruilatzen dute, izan ere, horrek aukera ematen die herritarrekin batera jardun eta erantzun azkarragoa emateko edozein gorabeheraren aurrean. "Hurbilago egoteak arazoak handitu aurretik antzematea ere ahalbidetzen du, hala bide publikoan antzemandako gabezien berri emateko, nola arrisku-egoerak aurreikusteko". Gainera, auzozainak segurtasuna zaintzeaz gain, herritarren eta Udalaren arteko lotura ere badira", diote.

“Auzozainen lana giltzarria da arau-hausteak prebenitzeko eta arazoei irtenbide azkarra emateko. Herritarrekin etengabeko harremana dutenez gero, gatazkak antzeman eta haiei azkar erantzun diezaiekete. Haiei esker, bertatik bertara jakin dezakegu auzo bakoitzean zer gertatzen den, eta Udaleko sailekin koordinatu erantzuna”, azpimarratu du Jon Iraola Eibarko alkateak.