Lau partiduko jaialdia izango da gaur Astelena frontoian

Lau partiduko jaialdia izango da gaur Astelena frontoian
2024/01/19 13:20
eta kitto!
Arratsaldeko 18:30ean hasita, doako pilota jaialdia ikusteko aukera izango dute gaur Astelena frontoira gerturatzen direnek. Udaberri eskuz binakako txapelketako bigarren jardunaldian sartuta, kadete mailako partiduarekin hasiko da jaialdia: hor Eibarko Varonak eta Azpilikuetak osatutako bikoteak Oñatiko Aloña Mendi klubaren 1 zenbakikoa izango du aurrez aurre. Jarraian senior mailako bi lehia ikusteko parada izango da: Klub Deportiboko Azkargorta eta Condek Errenteriako bikotea izango du aurkari eta, ondoren, Narvaiza eta Agirresarobek Azpeitikoarekin neurtuko dituzte indarrak. Jaialdiarekin amaitzeko, Errendimenduko infantilen binakako partiduaz gozatzeko aukera izango da: Sarasketa eta Olaetxea eibartarrek arrasatearren aurka borrokatuko dute.