Lau pilota partidu hartuko ditu gaurko Astelenako pilota jaialdiak

Gaurkoa ez da izango asteburuko jaialdi bakarra, bihar eta etzi goizez beste partidu batzuk izango direlako
Lau pilota partidu hartuko ditu gaurko Astelenako pilota jaialdiak
2024/04/12 12:23
eta kitto!

Arratsaldeko 18:30ean hasiko da Klub Deportiboko pilota batzordeak barixaku honetarako antolatutako jaialdia. 4 eta erdiko banakako Gipuzkoako Txapelketak lehen jardunaldia biziko du asteburu honetan eta herriko lau pilotarik Katedralean abiatuko dute bidea. Hasteko, kadeteetan Varona eibartarrak Segurola azkoitiarraren aurka jokatuko du. Jarraian, senior mailan, Conde Deporreko ordezkariak Lasarteko Diaz de Gereñu izango du aurrez aurre. Hirugarren partiduan, kadete mailako Azpilikueta eibartarrak Azkoitiko Alberdirekin neurtuko ditu indarrak. Eta, amaitzeko, senior mailako bigarrenean, Eibarko Iraolagoitia eta Hernaniko Altuna izango dia, nor baino nor.

Gaurkoa ez da izango asteburuko jaialdi bakarra, bihar eta etzi goizez beste partidu batzuk izango direlako. Zapatuan, goizeko 11:30etik aurrera, Gipuzkoako 4 eta erdiko txapelketaren barruan hori ere, Del Rey eibartarrak Zubelzu zestoarra izango du aurkari. Eta domekan, 11:00etan hasita, Udaberri Torneoko infantil errendimenduko mailan, Amillategi-Gil Deportiboko bikoteak Azpeitiko Ilunpe klubeko bikotearekin neurtuko ditu indarrak.