Legebiltzarrak aho batez onartu du Debabarrena suspertzea helburu duen ponentzia eratzea

Legebiltzarrak aho batez onartu du Debabarrena suspertzea helburu duen ponentzia eratzea
2021/10/08 10:34
eta kitto!
Atzo, eguena, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak aho batez onartu zuen Debabarreneko eskualdea eta bertan sartzen diren udalerriak suspertzeko ponentzia eratzea. Ponentziaren helburua da eskualdea suspertzeko plan estrategiko bat diseinatzeko irizpideak adostea. Legebiltzarreko osokoan izan ziren Iker Aldazabal Soraluzeko alkatea, Ane Beitia Elgoibarko alkatea eta Iñaki Arregi Mendaroko alkatea. (Argazkiak: Iker Aldazabal)

 

Debabarrena eskualdea suspertzeko ponentzia eratzeko proposamena EAJk (Irune Berasaluze Mendaroko alkate izan zenak), EH Bilduk (Ibai Iriarte Tolosako alkate izan zenak) eta PSE-EEk (Miren Gallastegi eibartarrak) aurkeztu zuten eta Legebiltzarreko osokoan, bertan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten, aho batez, aldeko 72 botorekin.

 

Erakundeak, eragile sindikalak, enpresarialak…

Legebiltzarrean aurkeztutako testuaren arabera, ponentziaren eraketan Debabarreneko eskualdearen premiei buruzko hausnarketa sakona egiten saiatuko da, eta, horretarako, tartean dauden erakundeen ekarpenak jasoko ditu (Eusko Jaurlaritzarenak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundienak eta eskualdea osatzen duten udalenak), eragile sindikalenak, enpresarialenak eta baita ere arlo soziologiko eta ekonomikoko adituenak.

Ponentziaren helburua izango da eskualdea eta bertako udalerriak (Soraluze, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku, Mallabia eta Ermua) suspertzeko plan estrategikoa diseinatzeko irizpideak adostea. Plan hori, prozesu parte-hartzaile zabalen bidez garatuko da, Tokiko Garapen agentziaren gidaritzapean eta maila desberdinetako instituzioen lan ildoak, inbertsioak eta apustu estrategikoak barneratuko dituzte.