Lehen Maila Nazionaleko Eibar Eskubaloiak hirugarren postua ziurtatu du
Gizonezkoen Lehen Maila Nazionalean jokatzen duen Eibar Eskubaloiak iazko postu berean amaituko du aurtengo denboraldia, hirugarren postuan. Izan ere, asteburuan Beti Onak taldeari 30-23 irabazi ondoren, eibartarrek 42 puntu ditu eta zazpi puntura du aurretik Romo eta lau puntura atzetik Barakaldo.
Neurketa ez zen modurik onenean hasi eibartarrentzat. Talde nafarrak intentsitate handiagoarekin sartu zen kantxara eta lehen minutuetan aurrea hartu zuen (1-3), Eibar ezustean harrapatuz. Hala ere, erreakzioa berehalakoa izan zen. Trantsizio azkarrekin eta erasoan gehiago asmatuta, armaginek markagailuari buelta ematea lortu zuten lehen zatiaren erdialdera iritsi aurretik.
Hortik aurrera, nagusitasuna eibartarra izan zen argi eta garbi. 15. minutuan Eibar Eskubaloiak agintzen zuen hiru goleko errentarekin (8-5), eta minutuek aurrera egin ahala bere erritmoa ezartzen joan zen, erantzunik aurkitu ez zuen Beti-Onak taldeari gaina hartzeraino. Bigarren ordu laurden ia perfektuaren ostean, 17-9 iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, partida fase orekatuago batean sartu zen. Bi taldeek kolpeak trukatu zituzten, baina Eibar Eskubaloiak beti izan zuen markagailuaren kontrola. 45. minutuan, markagailua 25-16koa zen eta norgehiagoka ia erabakita zegoen.
Azken txanpan, garaipena bideratuta, etxekoek erritmoa pixka bat jaitsi zuten, eta horri esker Beti-Onak taldeak aldeak murriztu zituen. Hala ere, garaipena ez zen inoiz kolokan egon eta behin betiko 30-23koak denboraldiko 21. garaipena ziurtatu zion Eibar Eskubaloiari.