Lehen Mailara igotzeko ametsak bizirik jarraitzen du

Joan den astean kontratua luzatu zuen Sergio Alvarez asturiarrak sartu zuen partidaren gol erabakigarria, Eibarrekin jokatzen zuen 250. neurketan
Lehen Mailara igotzeko ametsak bizirik jarraitzen du
2026/04/20 17:47
Ekhi Belar Errasti

Iazko urtea jaitsiera postuetara begira amaitu ondoren, Lehen Mailara igotzeko amets gozoak dituzte gaur egun SD Eibar taldearen jokalari eta zaleek. 2026. urtea hasi zenetik bi partidu besterik ez ditu galdu Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak eta play-off postuak bi puntura ditu orain, liga amaitzeko zortzi partida falta direnean (igoera zuzena ematen duen 2. postua ere ez dago urruti, sei puntura).

SD Eibar-ek jaitsiera postuetatik aldendu nahi zuen SD Huesca jaso zuen atzokoan Ipuruan. Giro ederrean, eguzkiaren eta zaleen babesaren aldetik, etxekoek lehen zati txukuna egin zuten, baina ez zuten golik aurkitu 50. minutura arte, Javi Marton goleatzaileari esker. Lehen zatian aukera garbia huts egin zuen, baina goleatzaile sena duela argi erakusten dihardu denboraldian zehar, 12 gol sartu dituelako.

Talde aragoiarra, ostera, ez zen kikildu eta berdinketa lortu zuen 70. minutuan, baina 74.ean Alonsok txartel gorria ikusi zuen eta, lau minutu geroago, eibartarrek zelaian zuten nagusitasuna aprobetxatu zuten markagailuan 2 eta 1ekoa ezarriz.

Ez zen nolanahiko gola izan, ez formarengatik ez golegilearengatik. Izan ere, area kanpotik baloia bikain sareratu zuen Sergio Alvarezek, joan den astean bere kontratua 2028. urtera arte luzatu zuen asturiarrak. Gainera, Eibarrekin jokatzen zuen 250. neurketan. Ospatzeko modu ederra.

Eibarrek, orain, sailkapenaren erdialdean ez gora ez behera dabilen Albaceteri egingo dio bisita. Partida ostiralean jokatuko da, apirilak 24, 20:30ean, eta eibartarrentzat emaitza positiboa lortzea ezinbestekoa izango da amesten jarraitu nahi badute.