Leire Dallas, Noan, Udaz eta Ayvee ekarriko ditu Eibarrera Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak urriaren 26an
Gipuzkoan Gazte Tour 2024 ekimenaren udazkeneko programazioaren 2. edizioa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sailak eta Eibarko Udalak. Gipuzkoako gazte eta nerabeentzat kultur-erreferente bihurtu den ekimena probintziako hainbat herrirekin elkarlanean egingo da, eta Eibarren urriaren 26an egingo den ekitaldiaren aurkezpena Isaac Palencia Aldundiko Gazteriako zuzendariak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Andoni Zabala Kultura eta Gazteriako zinegotziak egin dute. Aurretik Zumarragan bezala, Eibarren ere dantza masterclassa eskainiko da, doan, Leire Dallasen eskutik. Besteak beste Operación Triunfo saioan dantzan aritutako artistak Ipurua kiroldegian emango du klasea, 11:30ean hasita. Eta arratsaldean, berriz, musika-programazioari ekingo zaio. Kontzertuak Coliseo antzokian egingo dira, eta kartelburu Noan, “nazio mailako artistarik garrantzitsuenetariko bat” izango da. “Zero kilometroko” artista gisa, berriz, Udazken Salaberria 17 urteko neska eibartarra arituko da. Azaldu dutenez, “bost urte zituenetik, beti egon da musikarekin kontaktuan, eta bere sormen-lanengatik da ezaguna”. Jarraian daukazue urriaren 26rako prestatu duten egitaraua.
MASTERCLASS, LEIRE DALLAS
Ordutegia: Urriaren 26an, 11:30ean.
Lekua: Ipurua Kiroldegia
Leire Urquijo (Leire Dallas izen artistikoa duena) Errenterian jaio zen eta gaur egun Madrilen bizi da, orain dela 5 urtetik. Urteetako esperientzia duen dantzaria izateaz gain, irakaslea eta koreografoa era bada. Gaur egun, koreografia-lanetan dihardu Madrilen “Arima” izeneko lehiaketa-taldean eta baita Natalia Lacunzarekin ere, haren hurrengo tourrean. Dantzaria da, besteak beste, Bad Gyal, Nicki Nicole, Rels B, Aleesha eta Vicco artisten biretan. Horretaz gain, Operación Triunfo 2023 dantza-taldearen parte ere bada.
KONTZERTUAK
Lekua: Coliseo antzokia
Sarrera: 5 €
Ordua: 19:00etatik aurrera
Aurkezlea: AYVEE (Andrea Vitoria)
Txikitatik zuen musikarako zaletasun handia Ayveek eta eskolan koreografiak sortu, abestu eta antzerkia egiten zuen. Hori horrela, 2020ko irailean “Amaitu da” izeneko bere lehen kanta atera zuen. Bere inguruan nahiko oihartzun handia izan zuenez, hainbat elkarrizketa egin zioten irratian, telebistan zein sare sozialetan. Pandemiaren ostean, izugarrizko ezbeharra pairatu zuen, musika sortzen jarraitzea eragotzi ziona; hala ere, prozesu luze baten ondoren sendatu eta, gaur egun, bigarren diskoa kaleratu du, non gertatutakoa salatu eta azaldu egiten duen. Medusa izeneko diskoa kaleratu ondoren izandako oihartzun mediatikoaren bidez, hainbat eta hainbat emakumerengana iritsi ahal izan da, gertatu zitzaionetik abiatuta.
KM0-ko artista: UDAZ
Musikak beti izan du lekua Udazen bizitzan, izan ere, amamak eta aitak jotzen zituzten musika-tresnez inguratuta hazi zen. 6 urte zituela hasi zen solfeo-klaseak hartzen, eta urtebetera, 7 urte zituela, gitarra espainiarra jotzen ikasten hasi zen. Solfeo-ikasketak amaitu ondoren, 2022an, bere kantak konposatzen eta sortzen hasi zen. Urte berean, Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zen, “Hosto Gorria” izenarekin. 2024ko urtarrilaren 4an bere lehen kanta kaleratu zuen, "don't let me go", 14 urterekin sortu eta Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zuena. Gerora, “Udaz” izen artistikoa hartu zuen, eta, gaur egun, abestiak konposatzen eta sortzen jarraitzen du, haren xedea izanik musika egiten jarraitzea.
Artista nagusia: NOAN
Zarautzen jaio eta Asturiasen bizi den abeslari eta konpositorea da Noan, hainbat musika-tresna jotzen dituena. Dudarik gabe, Noan Espainiako pop-musikaren olatu berriaren promesa handienetako bat da, eta hala baieztatzen dute arrakasta handia izan duten haren lan batzuek, “Me mata” edo “Superpoder” izenekoek, esaterako. Lan horiei esker Espainiako Spotify playlist-aren 50 biralenak izeneko zerrendan sartu zen. Noanek 2000ko urteetako Espainiako pop rock musikatik edan du. Talentuz beteriko mutila da Noan, laster musikaren gailurrean ikusiko duguna.