Leire Kareagaren "¿Quo vadis, Europa?" erakusketa Portalean ikusgai
Martxoaren 24ra arte egongo da zabalik Portalea kultur etxean Leire Kareagaren ¿Quo vadis, Europa? erakusketa. Barixakuan egin zuten irekiera-ekitaldia.
"2000. urtean egin nuen nire lehenengo bakarkako erakusketa izenburu honekin. Marrazkien, grabatuen eta pinturen ardatzean daude edozein gatazkak –izan gerra zibila, garai hartan Jugoslavia, gaur egun Ukraina, Gaza…— eragiten dituen izua, bakardadea eta hutsunea. Orain izenburu bereko beste erakusketa bat egiteko beharra sentitzen dut. Bertan, 90eko hamarkadaren amaierako zirriborro, grabatu eta pinturekin batera, sorkuntza berriagoko lanak aurkezten ditut", azaldu du Leire Kareaga artista eibartarrak.
Leire Kareagaren lanak, bai grafikoa bai plastikoa, beti figuratibo-narratiboa, eta nolabaiteko karga kritikoa duena, jolas egiten du elkarreragiten duten pertsonaiak, objektuak eta testuak dituzten konposizio teatralizatu samarrekin, batzuetan kaotikoak. "Pintura narratiboaren eta ilustrazioaren eragina presente dago nire bizitzan, eta obra koloretsua, itxuraz alaia, subjektiboa eta oinarrian kritikoa osatzen dute, umorea erabiltzen duena ezbeharren aurrean defendatzeko mekanismo gisa", dio.
Erakusketa martitzenetik domekara dago zabalik, 18:30etik 20:30era.