Lendakaris Muertos eta Modus Operandi taldeen kontzertua hartuko du Amañak zapatu gauean

Kontzertuak 22:30ean hasiko dira, baina Amañako Jai Batzordeak eta Amañako Gazte Asanbladak egun osorako jai-egitaraua prestatu dute.
Lendakaris Muertos eta Modus Operandi taldeen kontzertua hartuko du Amañak zapatu gauean
2025/10/10 17:54
eta kitto!

Euriaren eraginez uztailean, Amañako jaietan bertan behera laga behar izan zituzten kontzertuak bihar (zapatua, urriak 11) izango dira. Horrela, 22:30etik aurrera Lendakaris Muertos eta  Modus Operandi taldeak arituko dira auzoan. Biharkoa Lendakaris Muertos zuzenean ikusteko azken aukeretakoa izango da, gainera, taldearen sorreraren 20. urteurrena dela-eta egiten ari diren bira amaitzen dutenean atseden hartzeko asmoa dutela iragarri baitute. 
Kontzertuen aitzakiarekin, egun osorako jai-egitaraua prestatu dute Amañako Jai Batzordeak eta Amañako Gazte Asanbladak elkarlanean. Azaldu dutenez, egun osoan zehar musika eta bestelako ekintzak egongo dira. Egitaraua eguerdian, txupinazoarekin hasiko da. Jarraian poteo girotua egingo da, auzoko tabernetan, eta ondoren bazkaria egingo dute, bingo eta guzti. Eta arratsalderako, berriz, txokolate-jana eta DJ Hombre Orquestak girotutako arratsaldepasa antolatu dituzte, gauean kontzertuak hasi bitartean inor ez aspertzeko.