Liderrari deskontuan irabazita, SD Eibar baikor doa Riazorrera

Larunbat honetan A Coruñako Deportivori egingo dio bisita, etxetik kanpo behingoz garaipena lortzeko helburuarekin
Liderrari deskontuan irabazita, SD Eibar baikor doa Riazorrera
2026/02/16 11:54
Ekhi Belar Errasti

Partidu zirraragarria bizi izan zen atzo arratsaldean Ipuruan. Gizonezkoen Bigarren Mailako SD Eibar eta Santanderreko Racing aritu ziren nor baino nor eta azken unera arte egon zen emozioa, etxekoek azken minutuetan lortu zutelako garaipenaren gola.

Racing lider bezala iritsi zen Ipuruara eta ondo erakutsi zuen zergatik dagoen goiko postuetan. Baloia ondo mugitzen duen taldea da eta presio ona eginez aurrera begiratzen du uneoro. Horrela, eta SD Eibar-ek aurpegia eman arren, 22. minutuan aurrea hartu zuen markagailuan Andres Martinen golari esker.

Golaren ondoren lehiak bizi jarraitu zuen eta, atsedenalditik bueltan, Eibarrek pausu bat eman zuen aurrera eta hainbat aukera eduki zituen, Javier Martonek baloia sareratu arte.

Banakoarekin Ipurua piztu egin zen eta zaleek garaipena gertuago ikusi zuten 80. minutuan Racing jokalari bat gutxiagorekin geratu zenean. Eibartarren bultzadak saria izan zuen azkenean, hainbat aldaratzeren ondoren Alvaro Rodriguezek garaipenaren gola lortu baitzuen 94. minutuan.

 

A Coruñara larunbatean

Liderrari irabazita, Ipuruan bikain aritzen dela berretsi du SD Eibar-ek, baina etxetik kanpo guztiz kontrakoa da kontua. Larunbatean, 16:15ean, Riazorren jokatuko du, atzokoan orain liderra den Castelló-ren aurka galdu zuen A Coruñako Deportivoren aurka.

Galiziarren aurkako neurketa prestatzeko, gaur lan-saioa egin du Eibarrek eta, bihar atsedena hartu ondoren, asteazkenean eta ostegunean Areition entrenamenduak egingo dituzte Beñat San Joseren mutilek. Ostiral arratsaldean A Coruñan egingo dute lan-saioa, larunbateko partidua ondo prestatzeko.