Lore, Landare eta Zuhaitz Azoka egingo da Urkizun zapatuan
Gaur (eguaztena, hilak 18) aurkeztu dute datorren zapatuan, martxoaren 21ean goizez Urkizuko parkeak hartuko duen Lore, Landare eta Zuhaitz Azoka. Aurreko urteotako martxari jarraituta, udaberriari ongi-etorria emateko antolatu dute azoka Udalak eta Debemenek, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin eta goiz osoan egongo da martxan, 09.00etatik 14.00etara. Azokaren harira, bestalde, umeendako landaketa tailerra antolatu dute (11.30etan hasiko da). Azokan era guztietako landareak salduko dituzte eta parte hartzeko izena eman dutenak Marsi, Aranburu, Labiti, El Montañes, El Bosquecito, Landarbaso, Semillas Ecologicas, Lore Prentsatuta, Arizkurengo Tienduka, Antonena eta Etxelore dira. Horrez gain, Bidezko Merkataritzako produktuak saltzeko postua ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.