Lourdes Urzuriaga Andirao elkarteko presidentea eta Udaleko zinegotzi-ohia hil egin da
Zapatuan hil zen Lourdes Urzuriaga Bollar, 68 urte zituela. Andirao Baserritarren elkarteko presidentea izatez gain, 1987ko ekainaren 10eko hauteskundeetan zinegotzi hautetsia izan zen (EA) Eibarko Udalean. Arrate bailarako Sumendixa Goikua baserriko alaba, Eibarko baserritarren premiak asetzeko lan handia egin zuen: Andirao elkartearen izenean Udalarekin bost urterako akordioa sinatu zuen 2022ko azaroan, horrela baserritarren eskaerei erantzuteko 1.750.000 euroko partida jasotzea ziurtatuz. Horren ostean, berarekin eta Enrique Atxa Andirao elkarteko presidenteordearekin egon ginen, horri buruz elkarrizketa kaleratzeko (HEMEN irakurri dezakezue).
Hortik kanpora ere, Eibarren eta inguruan oso ezaguna zen, urteetan Mapfre aseguru-etxearen Eibarko bulegoko arduradun modura jardun baitzuen beharrean, orain dela urte gutxi batzuk erretiroa hartu zuen arte.
Haren aldeko hiletak gaur arratsaldean, zazpiretan izango dira, Karmengo Amaren elizan (Karmelitak).