Luis Vicente Castellanos de Abajo izango da Eibarko sozialisten zinegotzi berria

Gaurko Udalbatzarrean hartuko du kargua. PSE-EE udal taldearen bozeramaile berria, bestetik, Vanesa Hortas izango da.
Luis Vicente Castellanos de Abajo izango da Eibarko sozialisten zinegotzi berria
2025/02/24 11:56
eta kitto!

Gaur arratsaldean, 19:00etan hasiko da Udalaren ohiko osoko bilkura, gai-zerrendan jaso dituzten bederatzi puntuak jorratzeko, eta gaurko saioan hartuko du zinegotzi-kargua Luis Vicente Castellanos de Abajok (PSE-EE), aurreko hilean kargua laga zuen Ana Telleria ordezkatzeko. Udalbatzarrean, halaber, PSE-EE taldeko bozeramaile-aldaketaren berri emango dute: izan ere, karguari uko egin arte, Ana Telleria zen taldearen bozeramailea, baina aurrerantzean Vanesa Hortasek beteko du zeregin hori.
Saioa modu presentzialean egingo da, herritar guztiei ateak zabalik, eta nahi izanez gero zuzenean ikusi ahal izango da, Udalaren YouTube kanal ofizialaren bidez.

Gai zerrenda

  • Luis Vicente Castellanos de Abajo jaunak zinegotzi-kargua hartzea.
  • 2024ko abenduaren 19ko bilkurari dagokion akta-zirriborroa onartzea.
  • Alkatetzaren ebazpenen berri ematea.
  • PSE-EE (PSOE) udal-taldearen idatzia, taldeko bozeramailearen aldaketaren berri emateko.
  • EUDELen 2025eko martxoaren 8rako Adierazpena: Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean.
  • Alkatetzaren proposamena, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen Batzarrerako ordezkaria izendatzeko.
  • Alkatetzaren proposamena, Antolaketa eta Eraldaketa Digitalerako Lan Batzordea eratzeko.
  • Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskina aldatzeko proposamena.
  • Galderak eta eskeak.

Vanesa Hortas izango da PSE-EE udal taldearen bozeramailea.