Lurralde-antolamenduari buruzko bilera egingo da gaur
2016/06/01
08:57
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAGen) azterketarako parte-hartze prozesua martxan dago. Euskadirendako lurralde eredu berriaren oinarriak modu gizarteratu eta parte-hartzailean zehaztea bilatzen duen prozesua apiriletik azarora bitartean garatuko da, Euskal Hiria 2016an aurkeztuko duen aurrerapen dokumentua osatzeko asmoz. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte, partaidetzarako hiru gunetan (eragileei kontsultak egitekoa, aurrez aurreko partaidetzakoa eta partaidetza digitalekoa) sailkatuta. Testuinguru horretan herriz herri tailerrak egiten ari dira, nahi duenak parte hartzeko aukera izan dezan eta Eibarren gaur (eguaztena, ekainak 1) egingo da horretarako saioa Portalean, 18:00etan hasita. Bertan, teknikariek, herritarrek eta tokiko eragileek EAEko Lurralde Antolamendurako Gidalerroen estrategia zehazteko ideiak proposatu ahal izango dituzte etorkizuneko erabilerei, kontserbazioari eta garapenari buruz. Tailerra Eibar eremu funtzionalaren barruan dauden udalerri guztiei zuzendua dago.