Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu bihartik aurrera

Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu bihartik aurrera
2020/04/13 09:16
eta kitto!
Nahiz eta oraindik alarma egoeran jarraitu eta ahal duten guztiek  telelana egin dezaten gomendatu duten, jende asko berriro ere lanean hasiko da bihartik aurrera.  Lan jardueraren berraktibatzeari erantzuna emateko asmoz, Lurraldebusek handitu egingo ditu martxoaren 29az geroztik murriztuta zeuden zerbitzuak.  Bigarren murrizketaren ondorioz martxoaren 25 eta 27 artean indarrean sartu ziren ordutegiak mantenduko dira, eta ordutegi horietan zerbitzu berriak gehituko dira hainbat lineatan.

Autobusetako langileen eta erabiltzaileen osasun segurtasuna ziurtatuko da bidaiari kopurua, ordaintzeko sistema eta distantzia soziala zainduta; eta zerbitzu gehikuntza goizeko lehen orduetan eta eguerdian aplikatuko da, bidaiariak autobusetan pilaturik joan ez daitezen.

Autobus zerbitzuak funtsezko jarduera arloetan (ospitaleetan…) eta berriz lanean hastekoak diren lantokiak dauden eremuetan indartuko dira batez ere.

Bezeroak artatzeko zerbitzu guztiak martxan ditu Lurraldebusek, behar den informazio guztia jendearen eskura jarriz, bai web orriaren bitartez (www.lurraldebus.eus), bai doako telefonoaren bitartez (900 300 340).