Magunazelaiak kontratua berritu du Realarekin eta Ruiz de Galarreta Athleticetik gertu dago

Magunazelaiak kontratua berritu du Realarekin eta Ruiz de Galarreta Athleticetik gertu dago
2023/01/11 eta kitto!
Sansen jokatu ohi duen Jon Magunazelaia foballari eibartarrak 2026ra arte luzatu du kontratua talde txuri-urdinarekin. Aurrelariak 15 partidu jokatu ditu aurten Sanserekin eta sei gol sartu ditu. Gainera, lehen taldearekin debuta egin du Ligan eta Europa Leaguen.

‘Maguna’ Eibar KEren harrobian hasi zen jokatzen, baina infantil eta kadete mailan maila handia erakutsi ondoren, Realak fitxatu zuen.

 

Ruiz de Galarreta etxera bueltan?

Athletic Cluben eta Mallorcaren inguruko informazioa lantzen duten kazetariek atzo jakitera eman zutenez, Iñigo Ruiz de Galarretak Athleticen jokatuko du datorren urtean. Erdilari eibartarrak Mallorcarekin kontratua amaituko du ekainean eta kazetariek diotenez talde bizkaitarrarekin adostu du kontratu berria dagoeneko. Horrela, Lezamatik irten zen jokalaria etxera itzuliko da, hiru lesio larriri aurre egin eta Mallorcarekin maila handia erakutsi ondoren.