Maiatzaren 10 eta 12 bitartean ospatuko dira "Dia das Letras Galegas" jaiak Urkizuko parkean
As Burgas Eibarko Galiziako Etxeak antolatuta, hurrengo astenuruan (maiatzak 10-11-12) ospatuko dira Dia das Letras Galegas jaiak, Urkizuko parkean, Luisa Villalta idazlearen omenez.
Barixakuan (maiatzak 10) hasiko dira jaiak, 19:00etan Galiziako Jai Batzordearen taberna zabaltzearekin batera. Ordu horretan hasiko da gaita-poteoa, Os Galaicos taldearekin eta Eibarko trikitilariekin, baita umeendako pailazoen ikuskizuna, Lekim Animazioak taldearen eskutik. Gaueko 22:00etan, berriz, dantzaldia hasiko da, Orquesta Compostela orkestrarekin. Gauerdian etenaldi labur bat egingo dute, queimadarako, eta 00:30etik aurrera berriz ere dantzaldia egongo da, Orquesta Compostela orkestrarekin.
Zapatuan, 11:30ean, neska-mutilentzat (8-12 urte) “chaves” jaurtiketa egingo da; 12:00etan, herri-kirolen txanda izango da; 13:00ean igel-toka txapelketa hasiko da; 16:00etan hasiko da helduentzat “chaves” jaurtiketa; 18:30ean, dantza eta musika erakustaldia eskainiko dute; 22:30ean, Orquesta Stereo taldeak kontzertua emango du (00:30ean etenaldia egingo dute, queimadarako).
Eta domekan goizetik hasiko dira jarduerak: 12:00etan dantza eta musika erakustaldia eskainiko dute Urkizuko parkean. 14:00etan lore-eskaintza egingo dute, Castelaoren monumentuan; 15:00etan luncha egingo da herriko agintari eta Euskal Herriko etxe erregionaletako partaideekin.16:30an mahia-jokoak hasiko dira Odisea elkartearen eskutik; 18:00etan musika egongo da DJ Primo Bayorekin. Eta 22:00etan agurtuko dituzte jaiak, taberna ixtearekin batera.