Maiatzaren 18an zabalduko da Sanjuan jaietarako kuadrillen diru-laguntzen eskaerak egiteko epea
Eibarko Udalak ezagutarazi duenez, San Juan jaietarako kuadrillei zuzendutako diru-laguntzak izango dira aurtengoan ere. Interesdunek maiatzaren 18tik ekainaren 3ra bitartean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, Kultura Sailean (Portalea) edo posta elektronikoz.
Laguntza hauek eskuratzeko, kuadrilla bakoitzak aurrekontu bat aurkeztu beharko du —kamisetak, instrumentuak edo bestelako materiala erostekoa—, enpresaren datu guztiekin eta BEZa barne. Udalak ohartarazi du online egindako erosketek ez dutela baliorik izango diru-laguntza honetarako.
Horrez gain, taldeko kide guztien izen-abizenak eta NAN zenbakiak ere aurkeztu beharko dira, 16 urtetik gorakoen kasuan derrigorrez. Ez dago adin-mugarik, ezta kide kopuruaren mugarik ere; hala ere, kuadrillen izenak eta kamisetetako mezuak euskaraz izan beharko dira.
Behin eskaerak jasota, Udalak proposamen guztiak aztertuko ditu, eta eskuragarri dagoen aurrekontuaren arabera banatuko du diru-kopurua. Ondoren, koadrila bakoitzari dagokion zenbatekoa jakinaraziko zaio.
Informazio gehiago nahi dutenek Kultura Sailera jo dezakete (Portalea), edo kultura@eibar.eus helbidera idazteko aukera dago.