Maiatzaren 1era arte luzatu dute “Izengabeak” musika lehiaketarako izen-ematea
Izengabeak musika-lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat izena emateko epea egun batzuk luzatzea erabaki du Udalak. Izan ere, izena emateko plataforman arazo tekniko txiki batzuk izan dituzte azken egunetan eta, horren eraginez lehiaketatik kanpo talderik ez geratzeko, maiatzaren 1era arte (egun hori barne) luzatu dute izen-ematea.
Debabarreneko musika talde zein bakarlariei zuzenduta antolatu duten lehiaketak bi fase nagusi izango ditu: lehenengoan, lehiaketan parte hartzeko izena emandako talde eta bakarlari guztietatik finalistak aukeratuko dituzte; eta, ondoren, hautatuak izan direnek zuzeneko emanaldiak egingo dituzte ekainean, Untzagan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, sari potoloak egongo dira irabazleentzat. Lehiaketari buruzko informazio guztia, eta izena emateko orria, Udalaren webgunean daude eskuragarri.