Maiatzaren 3an zabalduko dira Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketak herriko hainbat lekutan
Klub Deportiboko argazkilaritza batzordeak antolatzen duen Argazkilaritza Maiatzean-en programazioaren baitan, Estatu mailako argazkilari onenen lanak izango dira ikusgai herriko hainbat tokitan maiatzaren 3tik 26ra, toki bakoitzak duen ordutegiei jarraituta. Portaleak hartuko du nagusiena, honako egileekin: Iñaki Marcaidaren “Momentuaren aurretik eta ondotik”, Katy Gomezen “Ellas, elles, they...”, Adolfo Olmedoren “Costa Agata” eta Diego Pedraren “Distopia”. Erakusketa hau 19:00etan zabalduko da eta, ondoren Topalekukoa inauguratuko dute. Deporreko taldeko Txema Artetxek “Un lugar de leyenda” erakutsiko du bertan (piskolabisa egongo da irekiera ekitaldian),
Bestalde, 51. Gipuzkoa Nazioarteko Sarikoak ikusgai izango dira Untzaga Gizarte Etxean eta Argizaiola Sarikoak Deporren bertan, klubeko batzordeko kolektiboaren lanak Portalea tabernan ikusi ahal izango diren bitartean.
Hurrengo egunean, maiatzak 4 (zapatua), kaleko topaketen txanda izango da, aurten inoiz baino lehenago burutuko direnak: betiko bidetik, erretratoak egingo dira, argazkiak ikusgai izango dira Untzagan... “beti ere argazki mundua jendearengana gerturatzeko asmoz, eta doan”
EHATE Kongresua eta Tino Sorianoren tailerra
Hilaren bigarren asteburuan Portaleak aipatutako EHATE Kongresua hartuko du, goizeko 10:00etatik aurrera. Maiatzaren hirugarren asteburuan, hor ere zapatuan, hilabeteko ekitaldi nagusienetakoa izango da, tailer bereziarena. Oraingoan Tino Sorianok eskainiko du, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuta, eta “Anatomía de una foto”-ren inguruan jardungo du. Bertan parte hartzeko komeni da izena ematea lehenbailehen, “plaza mugatuak direlako”. Informazio gehiago argazkilaritza@deporeibar.com helbidean. Azken asteburuan, egitaraua ixteko, argazki rallya egingo da, kasu horretan domeka goizean, 08:30etik 13:30era.
Tino Sorianoren tailerrean, bestalde, honako gaiak landuko dira: subjektuarekiko hurbiltasuna, erretratuak eta enpatia, lan-distantzia, lapurtutako irudiak, argazkiak ehizatzea eta arrantzatzea, trikimailu praktikoak, enkoadraketa insolitoak... etabar luze bat.