Maiatzaren 9an egingo da udaberriko bigarren eskuko azoka Errebal plazan

Erabilitako objektuei bigarren bizitza ematea helburu duen ekimenean salmenta-postuak erreserbatu edo gauzak gordailu bidez utzi ahal izango dira; izena emateko epea apirilaren 27tik maiatzaren 6ra egongo da zabalik.
Maiatzaren 9an egingo da udaberriko bigarren eskuko azoka Errebal plazan
2026/04/27 12:57
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, udaberriko bigarren eskuko azoka antolatu du maiatzaren 9rako. Azoka 10:00etatik 14:00etara egingo da Errebal plazan, eta herritar, elkarte zein ikastetxeei zuzenduta dago.

Ekimenaren helburua da egoera onean dauden objektuei bigarren erabilera ematea eta, horrela, hondakinen sorrera murriztea, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen 12. ildotik, ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren alde eginez.

Parte hartzeko bi aukera egongo dira. Alde batetik, interesdunek salmenta-postu bat erreserbatu ahal izango dute, bertan etxeko erabilitako objektuak saltzeko. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko da. Bestetik, nahi dutenek gehienez hamar objektu utzi ahal izango dituzte gordailu-salmentan, eta antolakuntzako kideek arduratuko dira horiek saltzeaz. Kasu horretan, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, baina objektuak azoka egunean bertan eraman beharko dira, 09:00etatik 10:00etara.

Azokan parte hartu nahi dutenek apirilaren 27tik maiatzaren 6ra bitartean eman ahal izango dute izena. Antolatzaileek ohartarazi dute ezingo direla eraman arropa, osagarriak edo bolumen handiko altzariak, eta lehentasuna emango zaiela udaberri eta uda garaiarekin edo oporraldiekin lotutako objektuei.

Haurrentzako tailerra

Bestalde, azoka girotzeko, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailer bat ere antolatu dute: material birziklatuekin osagarriak eta apaingarriak sortzeko jarduera. Doakoa izango da, 11:30etik 14:00etara, eta parte hartzeko txandak egunean bertan hartu beharko dira, plaza mugatuak baitira.