Maider Belda (psikopedagogoa): “Adimen gaitasun handiei buruzko mitoekin apurtu nahi dugu”

JASON fundazioko Maider Belda eta Olatz Alberdi gaitasun handiak dituzten haurren arloan espezializatutako profesionalak dira. Askotan gurasoek umeen adimen gaitasun handiak ez dituzte ondo ulertzen, eta horrek frustrazioa dakar. Domeka honetan, urtarrilak 25, Ipuruako Merkatu Plazan egongo dira, 11:00etatik aurrera, gai horren inguruan informazioa eman, estereotipoak apurtu eta familiei, irakasleei zein interesa duten herritarrei tresna baliagarriak eskaintzeko helburuarekin. Hitzaldia gazteleraz izango da.
Maider Belda (psikopedagogoa): “Adimen gaitasun handiei buruzko mitoekin apurtu nahi dugu”
2026/01/23 13:45
eta kitto!

Hitzaldiaren izenburua sendoa da: “Gaitasun handiak”. Zer partekatu nahi duzue jendearekin?
Batetik, gaitasun handien kontzeptuaz hitz egin nahi dugu. Gero eta ezagunagoa da, eta jendea pixkanaka ulertzen ari da ez dela soilik CI edo zenbaki kontua, baizik eta informazioa prozesatzeko, mundua ulertzeko eta hari erantzuteko modu desberdin bat. 

Hitzaldiaren helburuetako bat gaitasun handiei buruz dauden mitoak apurtzea dela diozue.
Bai, zalantzarik gabe. Askok uste dute gaitasun handiak izateak eskolan oso azkar ikastea eta beti nota bikainak ateratzea dakarrela, eta ez du zertan horrela izan. Baliteke gaitasun horiek beste eremu batzuetan adierazten ari izatea. Beste uste zabaldu bat da gaitasun handiak izateak arazoak ekartzen dituela derrigorrez, eta hori ere ez da egia. Gaitasun handiak ez dira arazo bat. Zailtasunak desorekak sortzen direnean agertzen dira: ingurunea egokitzen ez denean edo pertsonak bere desberdintasuna ulertzen ez duenean eta nola konpentsatu ez dakienean. 

Nola lagundu ahal zaie haur horiei?
Kontua ez da dagoeneko distira egiten duten haurrei soilik aukera gehiago ematea. Gakoa da estimulazio- eta laguntza-espazioak eskaintzea, eta hortik abiatuta ikustea non eta nola lor dezaketen distira egitea. Hitzaldian nirekin batera izango da Olatz Alberdi, "La Cueva del Talento"koa. Talentuaren garapenean eta proiektuak sortzeko laguntzan lan egiten du berak. Askotan pentsatzen dugu lehenik nabarmendu behar dela laguntza jasotzeko, eta ikuspegi honetan kontrakoa da: zer eskaini dezakegun aztertzen dugu, pertsona horrek barruan duen hori atera dezan.

Beste mito batek genero ikuspegiarekin zerikusi dauka. 
Bai, datuek argi erakusten dute: zazpi mutiko identifikatzen diren bitartean, hiru neska baino ez dira identifikatzen. Zergatik gertatzen da hori? Baliteke neskek hobeto kamuflatzen jakitea, probek nolabaiteko alborapena izatea edo gure begirada bera ere baldintzatuta egotea.

Alderdi emozionalak ere pisu handia izango du hitzaldian...
Guretzat oinarria da. Pertsona batek seguru sentitzen badu bere burua, auto-kontzeptu argia badu eta inguruneak lagunduta sentitzen bada, askoz errazagoa da proiektuak martxan jartzea, huts egiteari beldurra galtzea eta norbera izatera ausartzea. Gure familietan ere gaitasun handiko pertsonak daude. JASON Fundaziotik, gure seme-alabak pixka bat nagusitu direnean garatu ditugun estrategiak beste pertsona batzuekin ere aplikatzen hasi gara. Norbera ezagutzeko, onartzeko eta maitatzeko espazioak eskaintzen ditugu, eta ikastetxeentzako formakuntzak ere bai, gaitasun handiak dituzten ikasleei nola lagundu jakin dezaten eta tresna errealak izan ditzaten.