Mailari eusteko aukerak dituzte oraindik Urbat Urkotronikeko gizonezkoek
Asteburu positiboa izan da Urbat Urkotronik waterpolo taldearentzat. Hiru taldek besterik ez dituzte partidak jokatu, gizonezkoen senior talde biek eta kadeteek, eta azken honek besterik ez zuen berea galdu.
Gizonezkoen 2. Nazionalean jokatzen duten seniorren Nautica Portugaleteren aurka jokatu zuten eta oso garaipen garrantzitsua lortu zuten, 12-7. Taldeak hasieratik kontrolatu zuen neurketa, defentsan seriotasuna eta erasoan eraginkortasuna erakutsiz, hiru puntu garrantzitsu eskuratzeko eta bolada onari eusteko. “Orain dela hiru aste taldeak mailari eutsiko ziola gutxik uste bazuten ere, azkenengo asteko emaitzek posible egin dute egoera iraultzea eta maila mantentzea”, diote taldetik.
Euskal Herriko 1. Mailan, Urbat B taldeak jardunaldi bikoitza jokatu zuen, emaitza positiboekin. Lehen partiduan berdindu egin zuen Iruñea 9802ren aurka (12-12), eta ondoren penaltietan nagusitu zen (4-2), oso lehia parekatuan. Bigarren neurketan, eibartarrek garaipen landua lortu zuten Leioa WT taldearen aurka (19-17), erritmo handiko eta erasokorra izan zen partidan.
Gizonezkoen kadete mailako taldea garaipenetik oso gertu egon zen Askartzaren aurkako partiduan, baina 9-10 galdu zuen. Urbateko gazteek maila handia erakutsi zuten, baina xehetasun txikiek markagailua kanpokoen aldera eraman zuten.