Maite Peña Zaintza eta Gizarte Zerbitzuetako diputatuak hitzaldia emango du gaur Untzaga gizarte zentroan

Ikasturte berriari hasiera emango dio, 18:00etan.
Maite Peña Zaintza eta Gizarte Zerbitzuetako diputatuak hitzaldia emango du gaur Untzaga gizarte zentroan
2025/10/07 11:20
eta kitto!

Gaur (martitzena, urriak 7) Maite Peña Zaintza eta Gizarte Zerbitzuetako diputatuak Untzaga gizarte zentroa bisitatuko du, 2025/2026 ikasturteari hasiera ofiziala emateko. Era berean, zentroaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien hasierarekin bat egingo du. Izan ere, aurtengo San Andres bezperan beteko dira 25 urte Untzaga gizarte zentroa inauguratu zutela. Foru diputatuak, halaber, Foru Aldunditik hedatzen diren gizarte politikei buruzko hitzaldia emango du, eta bertatik lantzen ari diren zaintza ereduaren berri emango die gerturatzen direnei. Untzagako Garaje Aretoan egongo da gaur, 18:00etatik aurrera.
Maite Peña Zuzenbidean lizentziatua eta abokatua da lanbidez, eta 2015az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua da. Bere ibilbide profesionala oso lotuta egon da gizarte zerbitzuekin eta bizitza politikoarekin, bereziki Errenteriako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Untzaga gizarte zentrotik adierazi digutenez, “25 urte hauetan adinekoen lana izan dugu ezaugarri, eta adinekoen adin-tarte guztietarako jarduera-aukera zabala eskaintzen dugu, batez ere zahartze aktiboan eta zaintza fisiko eta kognitiboan eraginez. Hortik haratago, boluntariotza garatzeko eta gizartean inplikatzeko ingurune lagunkoia eskaintzen du. Horren adibide dira Untzaga gizarte etxeak aurrera egin dezan boluntario gisa lanean ari diren 20 lagunak”.
Zentroko ordezkarien berbetan, “kokapen pribilegiatua duen zentro irisgarria eta erosoa da Untzaga, eta elkartekideek gozatzeko moduko espazio eta zerbitzu ugari ditu. Zentroa zuzentzen duen boluntarioen lehentasun nagusiak dira edadismoaren eta arrakala digitalaren aurkako borroka, eta adineko pertsonen partaidetza gizartean, lehenago aipatutako zahartze aktiborako jarduerekin batera”.
Zerbitzuen artean, Bentania izenekoa azpimarratzeko moduko dela diote: “Nagusiei administrazioarekin eta oinarrizko hornidura-enpresekin egiten dituzten gestioetan laguntzen dien zerbitzu berritzailea da. Bestetik, ez dugu albo batera lagatzen belaunaldi gazteenekiko harremana. Zentzu horretan, Untzaga Abesbatzak Musika Eskolarekin edo Koro Gaztearekin batera egiten dituen kontzertuak eta belaunaldien arteko moda desfileak eta futbolin-txapelketan aipatu daitezke”.