Manifestazioa antolatu du Eibar Palestinarekin plataformak urriaren 12an
Israelek Gazan erasoaldia hasi zuenetik bi urte beteko direnean, Eibar Palestinarekin plataformak mobilizazioa deitu du urriaren 12an, domeka, eguerdiko hamabietan. Manifestazioa "Palestina Askatu" eta "Genozidioa Gelditu" leloen pean egingo da. Mobilizazioa Eibarko kaleetan barrena egingo da, eta hainbat eragile sozial eta sindikalek ere babesa agertu diote ekimenari.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 67.000 palestinar baino gehiago hil eta 170.000 inguru zauritu dira gutxienez erasoaldia hasi zenetik. Hildakoen artean, gutxienez %30 haurrak dira.
Palestinar lurraldea ia osorik suntsitu dute eta osasun sistema ia erabat kolapsatuta dago. Gainera, sendagai, elikagai eta erregaien gabeziak areagotu egin dute biztanleen sufrimendua.
Mobilizazioaren antolatzaileek salatu dute Gazako egoera “jasanezina” dela eta nazioarteko komunitateari eskatu diote "Israelgo okupazioaren eta erasoaren aurrean isilik ez geratzeko". Halaber, herritarrei deia luzatu diete "Palestinako herriaren alde kalera ateratzeko" eta elkartasuna adierazteko.