Maria Jesus Agirre Unzeta zinegotzi-ohia hil da, 80 urterekin
Eibarko Udalean, 2015etik 2019ra arteko legegintzaldian Udalbatzako kide izan zen Mª Jesus Agirre Unzeta atzo hil zen, 80 urterekin. EQUO-Berdeak taldeko ordezkari gisa, 2016an hartu zuen zinegotzi kargua, Irabazi-Ganemos Eibar taldeak zuen ordezkari bakarrak, Itoitz Garcia-Antonek, martxoan kargua laga zuenean.
Nafarroako Unibertsitatean Filosofia eta Letrak ikasi zituen, eta 1970an lizentziatu zenetik irakaskuntzan aritu zen lanean, 2012. urtera arte. Eibarko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan eman zituen klaseak, baita atzerrian ere: Mulon (Kongo Belgikarra) eta Menphisen (Tennesee, AEB) aritu zen irakasle gisa lanean, besteak beste. Musikan Lizentziatua (Pianoa) ere bazen, eta 2013an Eibarko Kantuzaleak taldea ipini zuen martxan, asmo bakarrarekin: kalean euskaraz kantuan aritzea. Azken agurra bihar emango zaio, Karmengo Amaren elizan, 19:00etan. Goian bego.