Maria Jose Telleria (GFAko Kultura Zuzendaria): “Sortzaileek dirulaguntzak lortzeko beste modu bat da META!”

Maria Jose Telleria (GFAko Kultura Zuzendaria): “Sortzaileek dirulaguntzak lortzeko  beste modu bat da META!”
2018/05/18 11:04
eta kitto!
Ohiko dirulaguntza deialdiez aparte, Meta! deialdia bultzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta, dirulaguntza publikoen osagarri, edozein herritar zein erakundek internet bitartez aukera dauka kultur arloko egitasmoak diruz laguntzeko. Goteo.org plataformaren bidez, herritarrek jartzen duten euro bakoitzeko Foru Aldundiak beste euro bat jartzen du. Maria Jose Telleria eibartarra Gipuzkoako Foru Aldudiko zuzendaria da eta berarekin elkartu gara ekimen honen nondik norakoak ezagutzeko eta, bidez batez, eibartar sortzaile eta eragileentzako ere aukera hau zabalik dagoela azaltzeko. Aurten kultura arloko 15 proiektu babestuko dira. Beraz, proiektu bat, ideia bat buruan badaukazue eta aurrera ateratzeko dirua behar baduzue, hemen daukazue aukera.

- Gipuzkoarra bazara eta kultur arloko proiektu bat aurrera ateratzeko dirua behar baduzu Crowfunding edo mikromezenazgoaren bitartez egin dezakezu, Foru Aldundiraren babesarekin. Nola sortu zen ideia?
Lehen deialdia orain dela 3 urte egin genuen, Goteo Fundazioarekin batera, eta urte hauetan proiektu asko gauzatu dira. Dirulaguntza sistema beste modu batean moldatu nahi genuen eta lerro desberdinak antolatu genituen, diru kopurua ere handituz. Meta!-ri balioa ematen diona da kasu honetan azkenean herritarrek babesten dituztela proeiktuak, eta, beraz, Aldundiak babes edo laguntza ematen du herritarrek proiektu horrek babesa behar duela demostratzen dutenean. Horrelako helize bat da, alde batetik promotorea edo ekoizlea dago, bestetik herritarrak, eta  azkenik erakundea. Komunitate moduko bat  sortzen da, batez ere dirua jartzen duen jendearen eta proiektuen sustatzaileen artean. Beti egongo da hor Aldundiaren guardasola, baina batez ere proiektua egin nahi dutenen eta proiektua babestu nahi duten herritarren artean sortzen da hartuemana. Aldundiak dirua jartzen du, hau horrela da, baina bere lana batipat harreman hori sortu eta bidea prestatzea da..

- Ohiko dirulaguntza sistemarekin alderatuta, beraz, desberdintasunak baditu Meta!-k. Nola funtzionatzen du?
Crowfunding-aren bitartez egindako ekarpenak modu progresiboan babesten ditu Aldundiak. Eta horrela, herritarrek ipintzen duten euro bakoitza biderkatu egiten da Aldundiak jarritakoari esker. Horri matchfundinga deitzen diogu. 4.700 euro jaso ditzake proiektu bakoitzak diru publikotik, eta beste pizgarri extra batzuk ere egon daitezke. Ohiko dirulaguntzekin alderatuta, Meta!-rekin hasieratik batzen duzu dirua eta berme horrekin aurrera egiten duzu. Kanpaina martxan jartzen da, dirua lortzen da eta, behin dirua batuta, epe bat daukazu proiektua gauzatzeko. Ohiko dirulaguntzak eskatzea baino askoz ere praktikoagoa da, eta hemen ikasten dena hurrengorako erabili dezakezu, nahi izanez gero interneteko beste edozein plataformatan kanpainak egiteko. Beste eskema bat da eta, herritarren konpromisoari esker, proiektu berritzaile eta sortzaileen garapen autonomoa sustatzen da.

- Zeinek hartu dezake parte?
Edozeinentzako dago zabalik, baldintza bakarra gipuzkoarra izatea edo Gipuzkoan gauzatuko den proiektua izatea. Kultura-izaerako edozein proiektu aurkez daiteke, kultura zentzu zabalean hartuta. Aurreko urtean, esterako, eibartar batek bizikleta konpartitzeko ekimen bat proposatu zuen, eta beste batek edozein lekutan hardware irekia sortzeko fabrika. Bestetik, Gipuzkoako Historialarien Elkarteko 8 kideen arten Gipuzkoako historiaren sintesia egin zuten, eta hauek ere segiduan lortu zuten behar zuten dirua, Beste adibide bat “L.S.B. Ana - ¡EL LESBICÓMIC!” izan zen. Gainera, beti gordetzen da leku bat garapen bidean dauden herrialdeei laguntza ematera bideratuta dauden proiektuentzako. Batzuk Senegalera dirua bidaltzeko kontzertua antolatu zuten, adibidez. Diru ekarpenen truke nolabaiteko konpentsazioak ematen zaizkie herritarrei, proiektuaren izaeraren arabera (liburua oparitzen zaie, kontzerturako sarrerak, komikia ....). Eta abantaila fiskal handiak ditu ekimenak, % 50 bueltatzen zaie herritarrei errenta aitorpenan.
- Noiz arte dago epea poiektuak aurkezteko?
Ekainean, San Juanak inguruan onartuko dira 15 proiektu horiek. Irailean hasiko da dirua biltzeko kapaina, eta tarte horretan formazioa eta aholkularitza eskaintzen zaie parte-hartzaileei. Proiektuak ezagutzera emateko eta gizarteratzeko lan handia egin behar dute sortzaileek eta horretarako laguntza izaten dute: nola prestatu bideo bat, zer ordainsari eskaini dirua ematea erabaki duten herritarrei, zelan erabili sare sozialak, zelan aurkeztu zure burua, ze ate jo… Diruaz aparte sortzaileek asko baloratzen dute izandako esperientzia. Guztia taldean egiten da eta hau ere oso inportantea da eurentzako; sortzaileak askotan bakarka ibiltzen dira eta ekimen honekin talde-lana bultzatzen da. Euren artean horrelako sare bat edo engantxe bat sortzen da: “nire kanpaina nire sare sozialetan bultzatzen badut, nire jarraitzaileek beste talde-kideen proiektuak ere ikusiko dituzte”.  Proiektu guztiek elkarrekin egin behar dute aurrera eta hor nolabaiteko konpromisoa sortzen da. Bestalde, hedabideetan oihartzun handia lortzen dute, eta hau ezinbestekoa da. Esate baterako,  euskal jantziak, kaikuak eta horrelako jantziak egiten dituen “Amarenak” proiektua martxan jarri zuen neskak ez zuen diru askorik behar bere proiektua martxan jartzeko, baina komunikabideetan lortu duen oihartzuna izugarria izan da, jendeari gustatu egin zaio eta arrakasta handia lortu du.

- Urte mordoa Eibarko Udalean lanean egon eta gero zelan joan zaizkizu gauzak Foru Aldundian?
Oso ondo, nahiz eta oso desberdina izan. Urtebete falta da legealdia amaitzeko eta programa ia beteta daukagu. Nahiz eta orain Diputazioan egon, beti daukat burua Eibarren, eta hemengo gauzekin akordatzen naiz. Aldundiak lan handiena agian hiriburuan egiten du, eta nire begirada –eta aurretik udaletan lanean ibili diren beste lankideena ere– bai izan da herrietara zabaltzekoa. 16 urte egin nituen zinegotzi moduan. Beti esan dut zinegotzi izatea moja izatea bezalakoa dela, betirako zaudela hor. Agian urrun dagoelako edo, Eibar ez da izan lehentasuna eta Gipuzkoak Eibarrekin zorra daukala uste dut. Konpentsazio hori legealdi honetan igarriko dela uste dut, bidegorriarekin adibidez.

- Nola ikusten duzu gure herria kultur arloan?
Klub Deportiboaren Argazkilaritza Maiatzean, Ezpalak dantza jaialdia, Antzerki jardunaldiak.... Badira hainbat ekimen elkarteek bideratu eta sustatutakoak eta bere presentzia  eta garrantzia daukatenak Gipuzkoa mailan. Eibarrek daukan kapazidadea kristona da. Eibarko talde eragileak ez daude erakundeen diruaren zain gauzak egiteko, eta gauza asko egiten dira.