Mariano Ferrer eta Martxelo Otamendi kazetariak Eibarren izango dira datorren astean

2018/01/26 11:58
eta kitto!
Otsailaren 1ean, eguena, Mariano Ferrer kazetari esanguratsua izango da Armeria Eskolan ONDO EGINDAKO LANA ekimenaren baitan. Bera elkarrizketatzeko Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria  izango da. Saioa 12:30ean hasiko da. Bertan parte hartu nahi dutenek komunikazioa@armeriaeskola.com helbidean eman dezakete izena.

Armeria Eskolak “Ondo Egindako Lana” programaren hamargarren kapitulua beteko du, oraingo honetan Mariano Ferrer kazetariaren ibilbidea goraipatzeko asmoz. Euskal Herriko kazetarien artean “popularrenetakoak” Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria izango du lagun ekitaldian, azken honek zuzendu eta moderatuko baitu kazetariari egin beharreko galderak. Mariano Ferrer-ek 1971tik aurrera goizeko informazio programa zuzendu zuen Donostiako Herri-Irratia / Radio Popularrean, El Kiosko de la Rosi izenarekin, eta hiru hamarkadatan iraun zuen bertan, jubilatzeko ordua heldu zitzaion arte. Aipatutako programak entzule asko izan zituen, batez ere kazetariak erakusten zuen independentziarekin bat egiten zutenak; iritzi-emaile moduan, jarraitzaile kopuru handia izan zuen.