Markeliñeren “Psike” kale-antzerkiarekin estreinatuko da "Errebal Plazia" gune berria ostiral honetan

Markeliñeren “Psike” kale-antzerkiarekin estreinatuko da "Errebal Plazia" gune berria ostiral honetan
2021/09/06 17:50
eta kitto!
Markeliñe antzerki taldeak ostiralean 20:30ean eskainiko duen “Psike” kale-antzerkiarekin estreinatuko da Errebal Plazia gune berria. Udalak irailerako antolatu dituen beste ikuskizun batzuk ere Errebalen eskainiko dira: irailaren 17an “Gizona gurpila” kale-antzerkia aurkeztuko du Karoli konpainiak, 18:00etan; 18an, berriz, Dantzaz konpainiak “Basoa” eskainiko du, 20:00etan.

Gonbidapena aurretik eskuratzeko Coliseoko lehiatilara jo daiteke (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank bidez lortu ahal da. Gainerako gonbidapenak ikuskizunera sartzean banatuko dira.

Psikeren sinopsia:


"Kaleko artista bat emanaldirako aurreikusita dagoen gunera helduko da eta bere frustrazioa eta haserrea erakutsiko ditu, ez duelako lortzen aintzatespena eta txaloak jasotzeko nahia.


“Buru handi” barrutik datozen barreek artistari iseka egiten diotela dirudi. Ahots probokatzaile horiek isilarazteko ahaleginean, artistak bere kontzientziaren mamuekin egingo du topo. Onirikoa arrazoiari gailentzen zaion bidaia zorabiagarrian lagunduko dioten izaki kontrolaezinak. Ustekabeko aldaketak dituen eta apurka-apurka ahultasun baten susmoa iradokitzen digun benetako abentura: definitzen gaituen baina gure kontroletik eta borondatetik kanpo dagoen barneko bizitza sekretu baten existentzia.


Azkenean, artistak bere txaloa lortuko du eta, agian, mugitzen gaituena hori dela aitortu beharko dugu. Besteek ezinbestean gu aintzatetsi beharra".