Markos Untzeta, musikaria: “Kantu-idazlea naiz eta izaera horri eustea garrantzitsua bilakatu zen niretzat”

Markos Untzeta, musikaria: “Kantu-idazlea naiz eta izaera horri eustea garrantzitsua bilakatu zen niretzat”
2023/04/14 10:50
eta kitto!
‘Ekilibrista’ da Markos Untzeta musikariaren azken diskoaren izenburua. Sasoi gorabeheratsuetan helduleku den lana publikatu du eibartarrak, bere ohiko estiloari jarraituz eta hitz zintzoak josiz. Giovanni Zanonen laguntzarekin sortu du diskoa Untzetak, xumetasunez eta arreta handiz, gure buru eta belarrien sendagarri modura.

Markos Untzetaren seigarren diskoko abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dugu hilaren 21ean, 20:30ean, Coliseo antzokian (sarrera 10 eurotan). Eibartarrarekin, gainera, herrikideentzat ezagunak diren zenbait lagun igoko dira eszenatoki gainera: Walter Tuzzeo (baxua), Iñaki Ortega (bateria), Giovanni Zanon (gitarra) eta Mikel Gaztelurrutia (teklatua).

 

Une zail batetik irten den diskoa da ‘Ekilibrista’. Pandemiarekin zerikusia du?

Jatorriz ez zen pandemiaren testuinguruan sortu, krisialdi pertsonal baten ondorioz baizik. Oreka galdu ondoren, berau nola berreskuratu daitekeen da kantu gehienen ildoa. Hau da, zeintzuk diren norberak dituen baliabideak eta tresnak oreka berreskuratzeko. Kontua da diskoaren zatirik gehiena idatzita nuenean pandemia etorri zela eta horrek diskoaren ikuspegia beste alde batetik lantzea ahalbidetu zidala. Hau da, zerbait pertsonala izan barik, zerbait kolektiboa aurkeztea. Horretarako, pandemiaren egoerari erreferentzia zuzena egiten zioten abestiak behar nituen eta bi kantu idatzi nituen. Horrela, ‘Ekilibrista’ albumaren ikuspegia osoagoa bihurtu zen eta, pertsona batek bizi duen muturreko egoera baten erantzuna izatetik, neurri batean denok bizi izan genuen momentu bateko erantzuna bilakatu zen.

Orekari eusteko musika da heldulekua zuretzat?

Momentu horretan hala izan zen. Egoera hura gertatu zenean, konturatu nintzen neure izaeraren parte handi bat kantuak idaztea, ekoiztea, grabatzea, zuzenekoak prestatzea eta abar dela. Hau da, nire izaerak definitzeko modu bat bazuen, hori zela. Kantu-idazlea naiz eta izaera horri eustea garrantzitsua bilakatu zen.

Arlo musikalari begira, nolako diskoa da?

Ez naiz musikari apurtzailea edo bereziki originala. Beti saiatzen naiz ahalik eta modurik zintzoenean idazten eta kantuak ahalik eta hobetoen prestatzen. Nire estilo musikala oso apala da. Denok ezagutzen ditugun akordeak egiten ditut. Kantuak ahalik eta soilen izan daitezen saiatzen naiz, inpaktua zuzena izan dadila lehenesten dut, bat-batekotasuna gustatzen zait eta kantuak esaten duena entzulearengana zuzen joan dadila. Abestiak pop-rock doinu tradizionalekin janzten ditut. Bateria, baxua eta gitarra-elektriko bi (eta, akaso, akustikoa) ditugu beti gure formazioan, eta teklatu batzuk gehitzen ditugu lantzean behin. Folk, country eta blues ukituak ere baditu neure musikak.

Disko honen sorkuntzan Giovanni Zanon izan duzu lagun. Nolako ekarpena egin du?

Diskoak grabatzea gero eta zailagoa da. Zailagoa diot diskoari etekin ekonomikoa ateratzeari dagokionez. Beraz, estudiora joan aurretik abestiak ahalik eta hobeen prestatuz gero, estudioan gauzak arinago egingo dituzu. Oraingoan aurreprodukzio lan handia egin dugu eta Giovanni hasieratik ibili da nirekin. Nire estiloa ez da oso markatua eta Giovannik bere zigilua lagatzeko modua aurkitzen du. Horrela, berari esker, nire kantuak pertsonalagoak bilakatzen dira.

Diskoaren argitalpena, ia betiko lez, Gaztelupeko Hotsaken esku laga duzu. Nolako harremana duzu eurekin?

Eroso nago eurekin eta konfiantza sentitzen dut. Badirudi ezetz, baina argitaletxe baten konfiantza edukitzeak egonkortasuna ematen du, kantuak idazten jarraitzea ahalbidetzen dizu, eta animoei eta indarrei goian eusten laguntzen du.

Gainera, gertukoak dira, Soraluzekoak.

Etxekoak dira. Sei diskotik bost atera ditut eurekin eta harreman luzea dugu denboran. Ondo doazen gauzak ez dago zertan aldatu behar.

Diskoak sortzeko orduan nola jarduten duzu?

Lehenik eta behin kantuak idazten ditut, bakar-bakarrik, gitarra akustikoaren laguntzarekin. Gero, buruan kantua entzuten hasten naiz eta beste norabide batzuetan ikusten dut. Orduan, norabide hori finkatzen eta zehazten hasten naiz, kasu honetan Giovannirekin. Ondoren, gainontzeko musikariei erreferentziak ematen dizkiet eta erreferentzia horien barruan malgutasuna izaten dute ekarpenak egiteko. Poliki-poliki kantua gorpuzten joaten da, hezurmamitzen, eta oraingo honetan moldaketa guztiak oso argi genituela joan ginen estudiora.

Orain zuzenekoekin zabiltzate. Nolako kontzertuak eskaintzen saiatzen zarete?

Zuzenekoetan kantuak duen bat-batekotasuna areagotu egiten da. Jendearen aurrean, intimitate horrek eta bestearen presentziak kantua biziagoa izaten laguntzen du. Nahi eta nahiez kantuak indar gehiago hartzen du eta esperientzia indibiduala izatetik kolektiboa izatera pasatzen da, beste erresonantzia bat du, bizirik dago, eta momentu bereziak dira. Urteak eman ditugu zuzenekorik eskaini gabe eta, Coliseoko emanaldia berezia denez, aldez aurretik beste zuzeneko batzuk eskaintzea erabaki genuen, jendaurreko entsegu batzuk izango balira bezala. Durangon eskaini genuen kontzertu bat eta bihar Ondarroan egongo gara, Jai Braian aretoan. Ea eguraldiak laguntzen duen, aire librean egitea baita asmoa.

Zergatik da berezia Coliseoko kontzertua?

Orain dela hamar urte inguru jo genuen bertan eta azkenengo urrian bideoa grabatu genuen han. Gure musikarentzat toki aproposa da zuzenekoak eskaintzeko. Oso baldintza erosoak ditu eta musika ondo janzteko baliabide ezinhobeak ditu. Kontzertua ondo prestatu dugu eta ondo irtengo dela pentsatzen dugu.

Gainera, jaioterrian joko duzu.

Nire ibilbidearen hasieran hainbat kontzertu eskaini nituen Eibarren, baina aspaldian nago etorri barik. Gogotsu nago Coliseoko kontzertuaren aurrean.