Martin Azpilikueta: "Nire zaletasuna profesionalizatzeko beharra somatu nuen ikasketak amaitzean"
2021/01/29
10:26
eta kitto!
27 urteko marrazkilari eta komikilari eibartarra da Martin Azpilikueta. Arte Ederretan lizentziatu zen orain dela urte batzuk, eta egun, artearen munduan erabat murgilduta bizi da. Eibarren erreferente artistikoa den Jose Antonio Azpilikueta ezagunaren semea da ilustratzailea.
-Txikitatik hazi zara artearen munduaz inguratuta. Kontaiguzu.
Oso gaztetatik joan izan naiz nire aitak edota bere lagunek egiten zituzten erakusketak ikustera. Etxean betidanik ikusi izan dut aita marrazten, eta bere margolan eta pintura asko ditugu etxeko hormetan. Ez dakit aita ikusteagatik edo odolean daramadalako, baina nik ere oso txikia nintzenetik izan dut artearen munduarekiko lotura handia. Ez da beharrezkoa izan aitak marraztera behartzea, ezta gutxiagorik ere. Nik neuk izan dut marrazteko iniziatiba edo griña, entretenigarria iruditzen zaidalako, eta asko gustatzen zaidalako.
-Noiz erabaki zenuen artearen arloari profesionalki ekitea? Zergatik?
Arte Ederretako Gradua amaitu nuenean, nire zaletasuna profesionalizatzeko beharra sumatu nuen. Hori egin ezean, beste edozein lekutan hasi beharko nintzatekeen lanean, eta hori ez zen nire asmoa. Niri marrazketaren arloa gustatzen zitzaidan, eta horren aldeko apustua egitea erabaki nuen.
-Zure Instagrameko kontuan ikusi dugu zure lan gehienak komikiak direla. Zertan oinarritzen zara komikiak idazteko eta marrazteko? Zein teknika artistiko erabiltzen duzu horretarako?
Komikiak egitearena nire kontu pertsonala da. Hasiera batean guztiz inprobisatuta egiten nituen komikietako bai marrazkiak eta baita testuak ere, burura etortzen zitzaidanarekin. Hala ere, egia da batzuetan aurrez pentsatutakoak ere egiten ditudala, aurretiko zirriborroetan oinarrituta. “Rotring” teknika da erabiltzen dudana; beti marrazten dut eskuz, boligrafo beltz fina erabilita.
-Eibarko eraikinak ere marrazten dituzu. Zein irizpideren arabera egiten duzu aukeraketa kasu horietan? Zergatik?
Normalean enkargu bidez egindakoak izaten dira eraikinetako marrazkiak. Oso urrutira joan gabe, Gerra Zibilaren ondoren Eibarren egin zen berreraikitze industrialaren harira, zenbait tailerren marrazkiak egiteko eskaria jaso nuen: dagoeneko existitzen ez direnak, oraindik ere martxan jarraitzen dutenak… Denetarik marraztu nuen.
-Graffiti zalea ere bazara. Zein helbururekin marrazten dituzu kaleak? Legeak onartzen al du hori?
Graffitiak egiten ditudanean, nire helburu nagusia marrazten dudan bitartean ondo pasatzea da. Beti joaten naiz abandonatuta dauden fabrika eta eraikinetara, inork molestatu ez nazan, eta nik inor molestatu ez dezadan. Lagunen batekin horrelako tokietan graffitiak egitera joatea asko gustatzen zait.
-Autonomoa zaren aldetik, enkarguak ere egiten dituzu. Zein motatako lanak eskatzen dizkizute gehienbat?
Erretratuak dira, batik bat, gehien egiten ditudan lanak. Egia da bestelako lanak ere egin izan ditudala. Momentuz inguruko jendeak egindako enkarguak izaten dira gehienak: ezagunak, gurasoen lagunak, nire lagunen ingurukoak…
-Argitaratu duzu inoiz zure lan guztiak biltzen dituen liburu/bilduma/proiekturik?
Nik neuk argitaratu nituen nire komikiak. 2015ean komikietarako sortuta nuen protagonistaren lehen urteak jasotzen zituen komikia argitaratu nuen. 2018an, pertsonaia horri segida emate aldera, lehenengo komiki haren jarraipena atera nuen, bigarrengo komiki batean. Bi lan horien artean pertsonaiaren eboluzioa eta garapena ikusi zitekeen, batez ere, grafismoari erreparatuta. Esan daiteke Instagrameko profila (elmarto20600) nire lanen erakusleihoa dela, baina hori profesionalizatu nahi bada, denbora asko eskaini behar zaio sare soziala kudeatzeari.
-Gaiaren inguruko ikastaroak ere eman dituzu noiz edo noiz. Zer da erakusten duzuna? Zein helbururekin?
Arteari lotutako hainbat kurtso edo ikastaro eman izan ditut. Ermuko Liburutegiarekin bi urtetik hona elkarlanean ematen ari naizen ikastaroa nabarmentzea gustatuko litzaidake: urtean bederatzi bat klase ematen dizkiet Lehen Hezkuntzako ikasleei, komikiei buruzko oinarrizko ezagutzak eskainiz. Oso gustura nago horrelako lanak egiten.
-Etorkizunera begira, zein aurreikuspen dituzu? Mundu honetan jarraitzeko asmoa daukazu?
Mundu honetan jarraitzea gustatuko litzaidake, hau baita benetan gustatzen zaidana, baina, etorkizunean, nork daki! Lan-kargaren arabera hartu beharko dut erabakia, eskaera-kopuru handia baldin badaukat, honetan jarraitzeko aukera izango dut, eta, bestela, denborak esango du. Aukera eta eskaintza berriak jasotzeko prest nago, betiere artearen mundua oinarri izanda.