Martitzen gauean abiatuko da Arrate KE-aren Ikusentzunezko Astea, "Isturitzetik Etiopian barrena" lanarekin

Martitzen gauean abiatuko da Arrate KE-aren Ikusentzunezko Astea, "Isturitzetik Etiopian barrena" lanarekin
2017/07/03 19:38
eta kitto!
Aurten ere Ikusentzunezkoen Astea antolatu du Arrate Kultur Elkarteak eta lehen emanaldia bihar (martitzena, hilak 4) izango da, 22:30ean San Andres elizako klaustroan: "Isturitzetik Etiopian barrena" izenburuko lana Beñat Goitia gasteiztarrak sortu du eta ikuskizuna musika, literatura eta zinearen uztartze bat da. Isturitzetik Etiopiarako, desparadisurako, deserturako, finean, heriotzerako bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da, azken eztanda jasan arte. Adrian Puck DJ gasteiztarraren elektronika gordinak lagunduko ditu Beñat Goitiaren gitarra sesio intimoak. Literatur arloan, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia. Zinean, Aitor Zarzuelo lasartearrak ikuskizun honetarako berariaz zuzenduriko “Desparadisua” laburmetraia. Kantuak, hitzak eta irudia. Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua.

uztailak 4

Eguaztenean, berriz, “Ezberdin bezain eder”, 3-10 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuina kontatuko du Nerea Ariznabarreta eibartarrak, Mariano Hurtadoren zuzeneko musikarekin lagunduta: “Ezberdina izatea. Horixe da kontaketa honetan darabilgun gaia. Anitz eta ezberdina dena kuriositatez begiratu, ezagutu eta hurbildu. Txirula izan nahi zuen kontrabaxua, milaka koloretako eguzki izpi arraroa eta ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa izango dira gure protagonistetako batzuk, eta... Zuzeneko musika izango da istorio hauetako bidelagun fidela, emozioak ernetu, ertzak bigundu, begirada zabaldu eta aniztasuna laguntzat hartzen lagunduko gaituena”. Eibarko Udalaren Euskara zerbitzuak lagundutako ikuskizuna izango da.

Eta egun berean, baina gaueko 22:30ean, Irrintziaren oihartzunak, Iratxe Fresnedaren dokumentala emango dute. Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du lan honek. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzuna. Topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.

uztailak 5

Eguenean (uztailak 6) ere saio bikoitza egongo da. Gaueko 22:00etan, Toribio Etxebarria kalean, “Pausoz pauso” ikuskizuna eskainiko du Garazi & Cia konpainiak: “Emakume gazte bat kable gainean dabil eta ibili horretan bizitzak emandako esperientziak erakusten dizkigu: identitatearen bila lagun ditu kultur tradizioa eta egungo adierazpideak; identitate hori lurraren sustraietan errotua dago, etengabeko eboluzioan. Zirkuak, dantzak eta kulturak bat egiten dute ikuskizunean, poesiaz, emozioz eta pasioz, Euskal Herria eta bere tradizioak beste eszenatoki batean kokatuaz”. Garazi & Cia Garazi Pascual Esnaola artistak osatu duen konpainia berria da. Garazi Parisko Fratellini Akademian Zirku Garaikidean 2015ean diplomatu, eta jaioterrira itzuli da bere artea garatzeko asmoz.

Eta 22:30ean “Eibarko bonbardaketaren testigantzak” bideo-emanaldia eskainiko dute, hori ere Toribio Etxebarria kalean. 1937ko apirilaren 25ean bota zituzten lehen bonbak Eibar gainean eta hurrengo eguneko, 26ko bonbardaketa eta gero herri erabat txikituta laga zuten faxistek. Gerrateak Eibar suntsitu eta erre egin zuen eta herriaren itxura goitik behera aldatu, gerora gure herriak izango zuen itxura erabat baldintzatuta. Iaz Topalekuan izandako erakusketa eta hitzaldia oinarri hartuta ikus-entzunezkoa osatu du Sergio Dosantos Barrutiak . Bertan Indalezio Ojanguren fondoko argazkiak zein bestelako jatorria duten irudiak ikusiko ditugu Julia Lanas eta Kontxa Laspiurren ahotik, Josu Ibargutxik gidatuko zuen solasaldiak lagunduta.

uztailak 6

Ikus-entzunezkorako afari bereziak

Bestalde, Kultu tabernak eskaintza berezia prestatu du Ikusentzunezko Astearen harira: Hiru egunetan, 21:00etatik aurrera hanburgesa berezia, sandwich begetala edo petxuga/solomo ogitartekoa, patata eta edariarekin 5 eurotan emango dute edo, nahiago izanez gero, plater konbinatua (solomoa, petxuga edo hanburgesa) eta edaria 8 eurotan.

kartela