Martxan da #EibarrenErostendot kanpaina
Eibarko Merkatarien Elkarteak, Eibarko Udalarekin eta Gipuzkoako merkatari elkartearekin elkarlanean, #EibarrenErostendot kanpaina jarri du martxan. Ekimenaren helburua da herriko saltokietan kontsumoa sustatzea eta tokiko merkataritzaren jarduera indartzea. Kanpaina urriaren 13tik abenduaren 13ra izango da.
Parte hartzeko, beharrezkoa da Eibarko establezimenduetan erosketa bat egitea eta erositakoa erabiliz argazki edo bideo bat sare sozialetan argitaratzea. Argitalpenean dagokion denda eta @erosieibarren kontua etiketatu behar dira, eta #EibarrenErostendot traola erabili.
Abenduaren 14ra arte ikusgarritasun handiena duten argitalpenek sariak jasoko dituzte. Lehen saria 200 eurokoa izango da, eta bigarren eta hirugarren sariek 100 euroko ordainsaria jasoko dute. Horrez gain, kanpaina aktibo dagoen bitartean hileko zozketak egingo dira, eta 25 euroko lau sari banatuko dira hilero.
Sariak 18 urtetik gorako pertsonek soilik eskuratu ahal izango dituzte. Parte-hartzailea adingabea bada, guraso edo tutorearen baimena eta laguntza beharko dira. Era berean, aurkeztutako erosketaren tiketa kanpainaren epe barrukoa izan beharko da. Argazki edo bideoan adingabeak agertzen badira, horien erantzukizuna guraso edo tutorearena izango da.