Martxoaren 18an abiatuko den Zaporeak erronka solidarioa aurkeztu dute

Martxoaren 18an abiatuko den Zaporeak erronka solidarioa aurkeztu dute
2024/02/20 11:45
eta kitto!

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Zaporeak-Lesbos Proiektua erronka solidarioa, Untzagako gizarte etxean. Mireia Alonso eibartarrak beste sukaldari batzuekin batera antolatutako erronkan, aurreko urteetan bezala, Greziako errefuxiatuei jaten emateko elikagaiak bilduko dituzte, martxoaren 18tik 22ra bitartean: Eibarren, pardina dilistak; Ermuan, Deban eta Soraluzen, arroz luzea; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban.

Horrez gain, errefuxiatuentzat dirua biltzeko asmoz, rifak salduko dituzte, euro batean. Sariak, berriz, hauek izango dira: bi lagunentzat zortzi afari, Sagarra, Salegi, Baratze, Belaustegi, Amatxi, Mendiola, Kontent eta Landa jatetxeetan; Ederto-Harakel elkarteak emandako hurbileko produktu-sorta bat; eta Eibarko Artisten Elkarteko artistek (Elisabeth Eguren, Maite Zanguitu, Esteban Oroz, Pepi Correa, Cristina Azpiri, Fernando Dosantos, Mauri Martin eta Esther Galarza) emandako zortzi artelan.

Kanpainaren amaiera-ekitaldia, berriz, Eibarko Errebal Plazan egingo da, martxoaren 23an, 14:00etatik 15:00era. Egun horretan tuper solidarioak salduko dituzte, 5 eurotan.  

Zaporeak-eko kideek azaldu dutenez, “sei hilabeterako joan ginen Greziara, eta jada zortzi urte daramatzagu hango errefuxiatuei jaten ematen. Gaur egun 3.050 otordu banatzen ditugu egunero, eta horretarako janari, boluntario eta diru asko behar da”. Hori dela eta, Eibar eta inguruko herritarrei erronkarekin bat egiteko dei egin dute.