Martxoaren 31n amaituko da Ipuruako garaje plazak eskatzeko epea

Eibarko Udalak 38 plaza esleituko ditu 50 urterako, eta auzotarrei eskabidea egiteko deia egin die, aparkaleku faltari irtenbidea emateko.
Martxoaren 31n amaituko da Ipuruako garaje plazak eskatzeko epea
2026/03/18 11:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak gogorarazi du martxoaren 31n amaituko dela Ipuruako garaje plazak eskuratzeko lizitazio publikoan parte hartzeko epea. Ekimen honen bidez, guztira 38 plaza esleituko dira, 50 urterako.

Garajeak Santaines kaleko Ipuruako Anexoko etxabeetan kokatuta daude, eta helburua da auzoan azken urteotan nabarmendu den aparkaleku faltari irtenbidea ematea. Udalaren arabera, arazo hori izan da bizilagunek gehien aipatu duten kezketako bat.

Esleipena zozketa bidez egingo da onartutakoen artean, eta lehentasuna izango dute gertuko kaleetan bizi direnek (A gunea), nahiz eta gainerako herritarrek ere parte hartu ahal izango duten (B gunea).

Parte hartzeko, ezinbestekoa da Eibarren erroldatuta egotea 2024ko urtarrilaren 1etik, ibilgailu baten jabe izatea eta oinarrietan jasotako gainerako baldintzak betetzea. Eskaerak Udalaren webgunean edo PEGORA Herritarren Zerbitzurako Bulegoan aurkeztu daitezke.