Maskararen erabilera derrigorrezkoa da gaurtik Hegoaldeko osasun etxeetan

Maskararen erabilera derrigorrezkoa da gaurtik Hegoaldeko osasun etxeetan
2024/01/10 13:30
eta kitto!

BERRIAko Iñaut Matako Radak kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.



Espainiako Osasun Ministerioak indarrean jarri du erabakia, Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatu beharrik gabe.


Espainiako Osasun Ministerioak aurkitu die irtenbidea maskararen derrigortasunaren aferan erkidegoekin dituen tirabirei: kritikei muzin eginda behartuko du maskara erabiltzera osasun etxeetan eta ospitaleetan. Asteleheneko Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean kontrako iritziak jaso eta gero, gaur arteko epea eman zien erkidegoei ministerioaren proposamenari ekarpenak egiteko. Erabakia hartua zuen, ordea. Efe eta Europa Press albiste agentziei aurreratu dienaren arabera, eguerditik aurrera ezarri du neurri hori. Gutun bidezko ohartarazpena bidaliko die ministerioak erkidegoei xehetasun gehiagorekin.


Espainiako autonomia erkidego asko eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurriaren aurka agertu dira azken egunotan —maskararen erabilera gomendatu egiten dute—, baina, hala ere, bere asmoari eutsi dio Monica Garcia Osasun ministroak.


Aipatutako albiste agentziek argitaratu dutenaren arabera, neurria ez da Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean agertuko: Espainiako Osasun Sistemaren Kalitaterako eta Kohesiorako Legearen 65. artikulua aplikatuko dute. Artikulu horrek ekintza koordinatuak egitea ahalbidetzen dio Osasun Ministerioari estatu guztian.


Hortaz, maskara erabili beharko da eguerditik aurrera Hego Euskal Herriko osasun etxeetan eta ospitaleetan; ez, ordea, farmazietan eta osasunarekin zerikusia duten bestelako zentroetan. Bizkaiko Medikuen Elkargoak ohar bidez adierazi du Espainiako Osasun Ministerioaren neurriarekin ados dagoela, «beharrezkoa» dela uste baitu arnas aparatuko gaixotasunak dituzten pertsona asko elkartzen diren guneetan.


Maskara, bai ala ez?


Hasieratik koordinazio gutxi egon da Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoetako gobernuen artean, eta adierazpenak kontrajarriak izan dira askotan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua luze jardun zen atzo gaiari buruz, eta esan zuen «inplikazio juridikoak» izan ditzakeela maskara erabiltzera derrigortzeak, eta ohartarazi zuen kontu hori erkidegoen eskumena dela.


Handik gutxira, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Radio Euskadi irratian iradoki zuen Espainiako Gobernuak eskumena duela erkidegoak maskararen derrigortasuna ezartzera behartzeko.


Monica Garcia ministroak ere behin baino gehiagotan hitz egin du egunotan. Astelehenean adierazi zuen maskararen erabilera neurri eraginkorra dela arnas gaixotasunen intzidentziaren igoerari aurre egiteko, baina atzo ñabardura batzuk egin zituen: aipatu zuenez, maskara jartzera derrigortu dituzten autonomia erkidegoei babes juridikoa emateko dela neurri hori, eta ez dituela erkidegoetako gobernuak ezer egitera behartuko, «haien eskumenak» direlako.