Mek Eibar - Barakaldo bihar arratsaldez Ipurua kiroldegian
Mek Eibar Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak Barakaldo izango du aurkari bihar arratsaldean Ipurua kiroldegian, 18:30ean hasiko den partiduan. Orain arte talde biak berdinduta daude, partidu bat irabazi eta bestea galduta. Barakaldok talde berritua du, entrenatzaile aldatzeaz aparte, hainbat fitxaketa ere egin baititu. Azken horien artean, Torrelavegatik etorritako Jose Manuel eta Guadalajaratik datorren Marko Agustin. Aldaketa horiek iradokitzen dute taldeak azken denboraldian baino asmo handiagoak dituela.
Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatzen duen emakumezkoen talde nagusiak, bestalde, konpromiso zaila izango du maila horretara igo berri den Bera Berari bisita eginda. Bere lehen urtea izan arren, Bera Berak oso talde sendoa du, hainbat denboralditan lehen taldearen dinamikan egon diren jokalariek sendotua, eta horrek partidaren exijentzia maila igotzen du. Partidu hori domeka eguerdian jokatuko da Bidebietako udal kiroldegian, 12:15etik aurrera. Bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten berriki Euskadiko Kopan, bertan Bera Bera garaile izanik. Zaragozan Amaia San Martinek kubitoa eta erradioa hautsi zituen eta, jakina, baja izango da.