Mek Eibar-ek Zilarrezko Mailan jarraituko du datorren denboraldian ere
Norgehiagoka zirraragarria eskaini zuten Mek Eibar Eskubaloiak eta BM Loyolak zapatuan Iruñean jokatutako emakumezkoen Zilarrezko Mailako partiduan. 21na berdindu zuten amaieran eta, modu horretan, eibartarrek ziurtatu zuten hurrengo denboraldian ere maila horretan jarraituko dutela. Lehen zatian atzetik ibili ziren Andoni Perezen neskak markagailuan, atsedenaldirako berdinduta iritsi baziren ere. Bigarren zatian, kontrara, Mek-ekoak indartsuago hasi baziren ere, partidua aurrera joan ahala nafarrek agintzea lortu zuten. Hori bai, hiru minuturen faltan hiru gol azpitik baziren ere, eibartarrek bikain amaitu zuten partidua eta, 12 segundoren faltan Lucia Zubizarretak maisuki egindako zazpi metroko jaurtiketari esker, berdintzea lortu zuten.