Mek Eibar Eskubaloiak 29-24 irabazi zion Utebori Ipuruan jokatutako partiduan

Mek Eibar Eskubaloiak 29-24 irabazi zion Utebori Ipuruan jokatutako partiduan
2023/11/06 10:57
eta kitto!
Mek Eibar Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak Ipurua kiroldegian zapatu arratsaldean jokatutako 1. Nazional Mailako partiduan ligako laugarren garaipena eskuratu zuen. Hala ere, garaipena ez zen erraza izan, lehen zatian Uteboko aragoiarrek aurrea hartu zieten eibartarrei eta Fernando Fernandezen mutilei kostatu zitzaien partidua iraultzea. Bigarren zatian, baina, defentsa lan bikainari esker, aurretik jarri ziren Mek Eibarkoak eta, neurri haundi batean Eneko Rivero atezainaren lan handiari esker, eroso irabazi zuten azkenean.Kantabrian jokatu zuen Zilarrezko Ohorezko Mailako emakumezkoen taldeak, bestalde, ezin izan zuen punturik ekarri bertatik, eta 31-26 eman zuten amore Loizaga Construcciones Castro Urdialesen aurrean. Hala ere, ondo borrokatu zuen Andoni Perezen taldeak lehen zatian, kantabriarrekin berdinduta (14-14) joateko aldageletara. Bigarren zatiko prisak eta erabaki okerrek azkenean markagailua etxekoen alde jarri zuen. Nahia Benitez, sei golekin, izan zen goleatzaile nagusia; aipatzekoa, hala ere, Irati San Martin jubenilak lortutako hiru golak.