Mek Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiek ez zuten asmatu euren partiduak aurrera ateratzen

Mek Eibar Eskubaloiko bi talde nagusiek ez zuten asmatu euren partiduak aurrera ateratzen
2023/12/18 12:08
eta kitto!
1. Nazional Mailan jokatzen duen Mek Eibar Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak Ipuruan galdu zuen gainera, berdintasun handia erakutsi zuen norgehiagokan azkenean amore emateko Uharte talde nafarraren aurrean (23-25). Urteroko bidetik, aurkariak talde sendoa dela erakutsi zuen beste behin eta, aldageletara 12nako berdinketarekin erretiratu eta gero, bigarren zatian ondo baliatu zuen Andoni Yarzaren kanporatzea azkenean erabakigarria izango zen lau goleko aldea lortzeko: Fernando Fernandezen mutilek aldea murritzea lortu bazuten ere, garaipenak ihes egin zien.

Bestalde, Zilarrezko Mailan jokatzen duen Mek Eibar Eskubaloiko emakumezkoen lehen taldeak Schar Coloresen aurka 30-17 galdu zuen Zaragozan. Hasieratik joan ziren atzetik markagailuan Andoni Perezen neskak, batez ere defentsan zein erasoan egindako akatsengatik. Lehen zatia 15-7ko emaitzarekin amaitu zen eta, bigarren zatian Eibarko taldea zertxobait suspertu zen arren, aragoiarrek erraz irabazi zuten. Naroa Mochalesen bost golak eta Julene Errasti jubenilaren defentsa lan bikaina izan ziren datu aipagarrienak.