Mek Eibar Eskubaloiko emakumezkoen taldeak bihar jokatuko du Ipuruan
Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen duen Mek Eibar Eskubaloiko emakumezkoen lehen taldeak Ipuruan estreinatuko du Liga zapatu honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Beti Onak hartuta. Hirugarren urtez jarraian jokatuko duen maila horri eustea ez da lan erraza izango eibartarrentzat, baja garrantzitsuak markatu ditzakeen denboraldiari aurre egin beharko baitio taldeak: alde batetik, funtsezko jokalariak erretiratu direlako, eta bestetik, lesioek markatutako bajak ere badituelako. Aurkaria ere ez da nolanahikoa izango, Iberdrola Ligan lehiatzen duenaren bigarren taldea delako.
1. Maila Nazionalean jokatzen duen Mek Eibarko gizonezkoen lehen taldeak, bestalde, ilusioz eta anbizioz ekingo dio denboraldi berriari, “funtsezko jokalariekin indartu delako, talde lehiakorragoa egin eta igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten postuengatik borrokatzeko prest” dagoena osatzeraino. Fitxaketen artean, Valentziako Mislatan denboraldi bikaina egin ondoren datorren Garikoitz, Trapagarenetik datorren Oier Arriola elgoibartarra eta Basauritik datorren Jon atezaina nabarmendu daitezke.
Hala ere, taldeak ez du Liga hasiera erraza izango, etxetik kanpo Zaragozan jokatu behar duelako, talde aragoiarra goiko postuetan egoteko faborito nagusietako bat izanik: Asobal ligan aritutako jokalariak ditu Zaragozak, atzerriko errefortzuekin batera. Eibartarrek, baina, denboraldi ona egin dute eta, Euskadiko Koparen barruan jokatutako hiru partidutik, bi irabazi dituzte: Hondarribia eta Olagarrori, Tolosarekin galdu eta gero.