Mek Eibar Eskubaloiko mutilak garaile Ipuruan, nesken taldea galtzaile etxetik kanpo
Azken jardunaldia gazi-gozoa izan zen Mek Eibar Eskubaloiko lehen taldeentzat, 1. Nazional mailan jokatzen duen gizonezkoenak Ereintzari irabazi ziolako Ipuruako kantxan eta Zilarrezko Ohorezkoan jokatzen duen emakumezkoenak Etxebarrin galdu zuelako Kukullagarekin.
Errenteriarrak ez ziren aurkari errazak izan Fernando Fernandezek zuzentzen duen taldearentzat, atsedenaldian eibartarrak 12-15 atzetik zirelako; bigarren zatian asko hobetu zuten Mek Eibarkoek defentsan eta horrek markagailua iraultzea ekarri zuen, azken minutuetan sartzerako etxekoak hiru goleko abantaila lortzeraino. Azkenean apuro batzuk izan baziren ere, azken emaitza 29-27 izan zen sailkapeneko 3. postuari eusten dion taldearen alde.
Andoni Perezek zuzentzen duen emakumezkoen taldeak ez zuen zorte bera izan eta, atsedenaldiaren aurretiko azken minutu kaskarren ondorioz, aurkako 17-11koarekin erretiratu ziren aldageletara. Dena dela, bigarren zatia oso ezberdina izan zen eta, defentsako lan bikaina eginez, Mek-ekoak gauza izan ziren bizkaitarrak estutzeko eta markagailuari ere beste itxura bat emateko 25-22koarekin. Datorren jardunaldian Kantabriako Sinfin hartuko dute Ipuruan.