Mek Eibar Eskubaloiko ordezkariak garaile izan dira asteburuan

Zilarrezko Mailako emakumeek 20-24 irabazi zuten eta gizonezkoen bigarren taldeak 34-35
Mek Eibar Eskubaloiko ordezkariak garaile izan dira asteburuan
2024/05/27 13:15
eta kitto!

Oraingoan bai, emakumezkoen Zilarrezko Mailan jokatzen duen taldeak garaipen esanguratsua eskuratu zuen Donostian, bertako Egiari 20-24 nagusitu ondoren. Kopako finalerdiko partidu horretan talde guztiak jardun zuen serio, batez ere defentsan, eta lan horretan Lucia Gutierrez atezaina nabarmendu zen gehien. Atsedenaldira aldeko 8-12ko emaitzarekin erretiratu ziren Andoni Perezek prestatzen dituenak, eta bigarren zatian alde hori handitzea ere lortu zuten, zortzi goleko tartea eskuratzeraino, nahiz eta azken minutuetan pixka bat lasaitu eta alde hori murrizten joan. Garaipen horrek Kopako finaletan egotea ziurtatzen dio taldeari, datotrren asteburuan Elgoibarren aurkako partiduaren aurretik.

Bestalde, gizonezkoen Mek Eibar Eskubaloiaren bigarren taldeak, Lurraldeko 1. Mailan jokatzen duenak, 34-35 irabazi zuen Zarautzen, bost gol atzetik joan eta gero. Azkenean aurrea hartu bazuten ere eibartarrek, Zarautzen aldeko penalti batek luzapena behartu zuen azken segundoan, baina azken unean Arrietak sartutako golak saihestu zuen hori. Talde osoak jarrera bikaina erakutsi bazuen ere, zazpi gazteren presentzia da azpimarratzekoa garaipen gogoangarri horretan.