Mek Eibar Eskubaloiko talde nagusiak garaile azken jardunaldian
Gizonezkoen taldeak bolada onean jarraitzen du eta laugarren garaipena jarraian lortu du Hondarribiari 31-30 irabazita. Armaginak indartsu hasi ziren, lehen minutuetan erritmoa ezarriz eta hiru goleko aldea lortuz. Hala ere, 20. minuturako gauzak zaildu egin ziren, jarraian izandako bi esklusio eta oker erabakitako bi penalti tarteko. Hondarribiak markagailuari buelta eman ahal izan zioneta bisitariek 13-14ko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia oso parekatua izan zen, bi taldeak puntuz puntu borrokan. Eibarko mutilek abantaila berreskuratzea lortu zuten eta hiru gol gainetik izatera iritsi ziren, baina Hondarribiak ez zien erraz jarri, azken minutuetan aldea murriztuz. Azken txanpan, etxeko taldeak bere errenta arriskuan ikusi zuen, baina defentsa on batekin eta baloiaren kontrolarekin garaipena lortu zuten 31-30eko emaitzarekin.
Emakumezkoen taldea ere bikain aritu zen jardunaldi honetan, denboraldiko lehen garaipena lortuz, 18-23ko emaitzarekin Santanderren. Eibartarrak defentsa sendo batekin hasi ziren eta Lucia atezainaren esku hartze handiarekin, taldea lehen minutuetatik sendo eusteko funtsezkoa izan zena. Erasoan erritmoa aurkitzea kosta egiten zen arren, bisitariek 1-4ko abantaila hartu zuten. Talde aurkaria saiatu zen markagailua berdintzen atezainik gabe jokatzeko estrategia erabiliz, baina Eibarko neskak lasai egon ziren, nahiz eta atea hutsik zegoela egindako bi jaurtiketak ezin izan zituzten aprobetxatu.
Berdintasunak lehen zatiaren amaierara arte iraun zuen, eta Maitanek azken jokaldian sartutako gol batek 8-9ko aldea eman zion Eibarri atsedenaldian. Bigarren zatia berdin hasi zen, 0-3ko partzial batek bisitarien aldeko partida apurtu zuen arte. Hortik aurrera, talde aurkaria berriro saiatu zen presioa egiten atezainik gabe, baina Eibarrek ondo irakurri zuen erasoa eta defentsan sendo eutsi zuen, pixkanaka abantaila 18-23raino handituz.