Mek Eibar Eskubaloiko taldeen garaipena eta porrota Ipuruako jardunaldian
Zapatu arratsaldean Ipurua kiroldegian bizi izan zen eskubaloiko jaialdian, Eibarko taldeen poza ez zen erabatekoa izan: gizonezkoen taldeak 33-18 irabazi bazion Barakaldori, emakumezkoenak porrot mingarria jaso zuen Kukullagaren aurrean.
Zilarrezko Mailako emakumezkoen partidua etxeko taldearen lan onarekin hasi zen, aurkarien erasoak bertan behera laga zituen defentsa sendoari esker markagailuan abantaila hartu baitzuen. Hala ere, partiduak aurrera egin ahala, Eibarko taldeak zailtasunak izan zituen erasoko arintasunari eusteko; horren eraginez, Kukullagak markagailua berdindu zuen atsedenaldira iritsi aurretik (8-8).
Partiduaren bigarren zatian bi taldeen arteko gol trukea izan zen lehen minutuetan. Hala ere, Mek Eibar Eskubaloiak geldialdia izan zuen gero erasoan, bi gol bakarrik lortuta hamabost minutuko tartean. Erasoko eraginkortasun falta horri esker, Kukullagak aurrea hartu zuen markagailuan amaieraraino.
1. Nazional Mailako gizonezkoen taldeak lan bikaina egin zuen Barakaldoren aurka. 33-18ko garaipen sendoarekin, gizonezkoen taldeak pistan izandako nagusitasuna erakutsi zuen, baita sailkapen-taulan puntu bakoitza ziurtatzeko duen erabakitasuna ere. Sailkapenaren behealdeko talde baten aurkako emaitza positiboak Eibarko gizonezkoen taldeak ligan aurkari indartsu bezala mantentzeko duen konpromisoa islatzen du. Gainera, jokalari guztien parte-hartzeak, Paulen hazkunde progresiboarekin batera, motibazio gehigarria eman zion taldeari.