Mek Eskubaloi emakumezkoen taldeak berdinketarekin amaitu du Liga
Aurreko zapatuan Ipuruan Loyolaren aurka jokatutako partiduarekin agurtu zuen denboraldi honetako Liga Andoni Perezek zuzentzen duen taldeak. Zilarrezko Ohorezko Mailan dagoenetik bere denboraldi onena osatu dute eibartarrek, meritu handiko 18 puntu bilduz taldeak baja garrantzitsuak izan dituen honetan. Zaleen aurrean jokatutako azken partidu horretan eibartarrak hiru goleko aldearekin joan ziren atsedenaldira (17-14). Bigarren zatia desberdina izan zen eta, bisitariek aurrea hartu bazuten ere, Mek Eibarkoek jakin izan zuten horri aurre egin eta neurketa berdintzea, 25nakoarekin amaitzeko.
Lehen Nazional Mailako gizonezkoen taldeak partidu bikaina jokatu zuen Tarazonaren aurrean eta hamar goleko aldearekin nagusitu zen (36-26). Garaipen horrek matematikoki sailkapeneko hirugarren postua ziurtatzeaz gain, taldea bigarrengandik bi puntura laga du, hiru jardunaldi falta direnean. Jonay eta Haritz falta izan ziren arren, taldeak lehiatzeko gaitasuna eta sasoi bikaina erakutsi zituen denboraldiko tarte erabakigarri honetan.