Memoriaren Egunaren harira, biktimen testigantzak jasotzen dituzten bideoak eskainiko dituzte udaletxean

Memoriaren Egunaren harira, biktimen testigantzak jasotzen dituzten bideoak eskainiko dituzte udaletxean
2018/11/12 17:16
eta kitto!
Azaroak 10 Memoriaren Eguna zela eta, horren harira barixakuan agerraldia egin zuten PSE-EE, Eibarko EAJ-PNV eta Irabazi alderdietako ordezkariek, Eibarko Udalak Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak proposatu duen testuarekin bat egin duela adierazteko. Adierazpenak aipatutako udal talde horien babesa jaso zuen eta Eibarko EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen. Aurtengo Memoriaren Egunerako goiburua "Memoriaren Pedagogia Kritikoa. Euskal gizartea: argiak eta ilunak" da eta, horren harira, hainbat jarduera egingo dira eguaztenean (azaroaren 14an) eta eguenean (azaroaren 15ean). Egun bietan terrorismoaren eta biolentziaren biktimak izan direnen testigantzak jasotzen dituzten bideoak eskainiko dira udaletxean, Udalbatza Aretoan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gogorak bildutako bideoak dira guztiak. Gainera, bideoak ikustera doazenentzat hainbat orri egongo dira eskuragarri, nahi izanez gero euren gogoetak, iritziak eta oroitzapenak idazteko.

Aurreratu zutenez, 2019. urte hasieran, Udal Talde guztiak lanean arituko dira elkarrekin, "Eibarko memoriak" izeneko solasaldi edo berbaldiak egin ahal izateko: “Helburua da pertsona desberdinen arteko elkarrizketak, berbaldiak... martxan ipintzea, herritar guztien bizipenak, ahotsak edota oroitzapenak kontuan izan eta oroimenaren eraikitze sozialaren alde lan egiteko, beti ere bizitza eta giza eskubideak errespetatuz”.

Bestalde, Josu Mendicute jeltzaleak agerraldiaren ondoren esandakoaren arabera, Eibarren arrazoi politikoengatik hildakoak gogoratzeko plakak ipintzeko adostasunik lortu ez izanak pena ematen dio. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez egin zen “Euskal kasuan bizitzeko eskubidearen aurka izandako urraketak” izenburuko txostena gogora ekarrita, Eibarren 17 hildako identifikatu dituztela dio Mendicutek eta, horietako bakoitza hil zuten tokian, gertatutakoa gogoratzeko plaka ipintzea proposatu du. 12 ETAk hildakoak dira, beste hiru Batallón Vasco-Español edo GAE delakoak hil zituen eta beste biak, berriz, Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten.

Gogorak proposatuta Eibarko Udalak onartu duen testua  osorik daukazue jarraian:

"Oraintsuko Memoria deritzon aldian, hau da, azken 60 urteetan Euskadik izan duen rolari buruzko azterketa kritikoa egitea da 2018ko Memoriaren Egunean bereziki jorratu nahi den gaia. Gure herriak terrorismoaren biktimen gainean eta biolentziaren biktimen gainean izan zituen begirada eta jarrera izan behar dira azterketa honen funtsezko erreferentziak. Hala bada, argi-ilunez hitz egin ahal eta behar dugu.

Ilunak

Alderdi ilunen artean, biktimek jasandako abandonua nabarmendu behar da, batez ere hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan.

Hamarkada horietan, eta, batez ere 80ko hamarkadaren hasieran, ETAk bere etaparik odoltsuena bizi izan zuen. 1987aren amaierarako, 586 biktima mortal eragin zituen. Euskal gizarteak eta erakunde eta instituzioek eman zuten erantzuna, hala ere, ez zen indarkeria horrek eragin zuen eta biktimek merezi zuten adinakoa izan.

Trantsizio-garaian, euskal gizarteak errepresio frankistaren astinduak jasan zituen, bai eta erakunde parapolizialen edo eskuin-muturreko erakundeen atentatuak ere, inpunitatea gailentzen zen testuinguru batean. Tortura salaketak ohikoak izan dira. 80ko hamarkadan,
halaber, GALek (1983 eta 1987 artean aritu zenak) 29 biktima mortal eragin zituen. Biktima horiek diskriminatu egin ziren, eta ofizialki ukatu zen beren existentzia, eta are errealitatea ere.

Garai hartan, euskal gizartea harrapatuta, bortxatuta, astinduta, isilik eta isilduta... bizi izan zen, erreferentziarik eta erantzuteko lider argirik aurkitu gabe. Nolanahi ere, biktimek ez zituzten jaso behar zituzten arreta, babesa eta elkartasuna.

Ez herritarren eskutik, ez eta erakunde, alderdi politiko, komunikabide edo agente sozialen eskutik ere. Ilun hori garrantzitsua da, eta modu kritiko eta autokritikoan jorratu behar da.

Berariaz aitortzen dugu 90eko hamarkadaren hasierara arte Euskadin berandu iritsi ginela biktimen kausara, merezi zuten sentikortasun eta erantzunera, eta berariaz aitortzen dugu biktima guztiek ez zutela gizartean eta erakundeetan aintzatespen berdina izan, biktima zein zen edo biktima non kokatzen zen. Kritikoki aitortu behar dugu, halaber, hurrengo urteetan, bateraezintasun politikoak zirela-eta, sarritan ez ginela gai izan elkar hartuta denok biktimekin solidario izateko eta denok batera indarkeria errefusatzeko.

Hori guztia dela eta, autokritika egiten dugu. Barkamena eskatzen diegu indarkeriaren eta terrorismo ororen biktima izan diren guzti-guztiei, egindakoengatik eta egin gabe utzitakoengatik; batez ere, 70eko eta 80ko hamarkadan ez genielako konturik egin, batere. Bereziki azpimarratu behar dugu errekonozimendu hau ETAk eragindako biktimen aurrean,
erakunde horrek gizartearen babesa izan zuelako. Biktima guztien aurrean aitortzen dugu lehenago erreakzionatu behar genuela, bai eta hobeto eta elkartuago ere.

Argiak

80ko hamarkadaren amaieraz geroztik, gizartearen erantzuna apurka-apurka hazi egin zen Euskadin. Gizarte-mugimenduak ugaritu egin ziren; mobilizazio ugari egon ziren, bai masiboak, bai testigantzazkoak; ekimen sozial, mediatiko, politiko eta instituzionalak ere, adibidez Ajuria Eneako ituna, asko izan ziren euskal gizarteko eremu guztietan.

90eko hamarkadan apurka-apurka areagotu egin zen biktimen gaineko sentsibilizazioa eta, 2000. urtetik aurrera, biktimen giza eskubideen babes aktiboa araudi-mailan, erakundeetan nahiz gizartean estaltzeko egindako urratsak nagusitu ziren.

Horiexek dira gure gizartean azpimarratu nahi eta behar ditugun argiak. 1990etik aurrera, terrorismoaren eta indarkeriaren aurka, biktimen eta giza eskubide, elkarrizketa eta bizikidetzaren defentsaren alde geroz eta gehiago inplikatzen eta antolatzen zen gizartea genuen.

Argien artean, noski, gorabeherak daude, ilunetan ere gertatzen den bezala. Baina errealitate hori da gure iraganaren balio esanguratsu bihurtuta oroitu eta sustatu behar dena, orainera eta etorkizunera begira.

Une honetan, beharrezkoa da hainbat pertsonak, gizarte-erakundek, bake mugimenduk, biktimen elkartek zein fundaziok eta alderdi politiko eta instituzionalek egindako ahalegina gogoratzea; batez ere azken 30 urteetakoa. Luzaroan aritu behar izan ziren guztiz aurka zeuzkaten baldintzetan, eta, are, batzuetan, beldurraren edo mehatxuaren aurka borrokatuz eta itxaropen ororen aurka itxaropenari eutsiz ere. Gaur, aintzatespen berezia merezi dute.

Ondorio bat

Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik txarrena biktimek jasan zuten abandonua eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria dira, batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetan. Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderdirik onena inplikazio eta erreakzio sozial eta politikoa da, biktimen alde eta indarkeriaren aurka gorpuztu baitzen, batez ere 90eko hamarkadatik aurrera.

Esperientzia honetatik memoriaren gainean ondorioztatu dezakegun pedagogia honako hau da, beraz: terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean, biktimekiko elkartasuna eta pertsona guztien giza duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko
konpromiso argi, inplikatu eta partekatua gailendu behar dira beste edozein jardunbideren aurrean, etorkizunera begira erantzun arrakastatsurik lortu nahi bada".