Mendaroko Santa Ana jaiek bihar egingo dute eztanda
Mendaron bihar hasiko dira Santa Ana jaiak, Gazteen Egunarekin. Horrela, goizean frontenis txapelketako finala jokatu ondoren, gazte bazkaria eta jolasak egingo dira frontoian. 19:00etan Elektrotxufa elektrotxaranga egongo da, 23:00etan Añubek kontzertua eskainiko du eta, ondoren, Tatta&Denso eta DJ Txola eta Potxola egongo dira.
Domekan Nagusien Eguna izango da eta, 12:00etako mezaren ondoren, nagusiei omenaldia egingo zaie. Gero euskal dantzak egingo dira. 14:30ean nagusien bazkaria egingo da eta DJ Arnok dantzaldia eskainiko du.
Hilaren 24a Txupinazoaren Eguna izango da. Jaiak 19:00etan egingo du eztanda, txupinazoarekin eta Katasorginaren jaitsierarekin. Aipatzekoa da 23:00etan Akerbeltz taldeak kontzertua eskainiko duela.
Santixago Egunean, 25ean, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte, Elgoibarko Musika Bandak joko du, Verdini dantza taldearen ikuskizuna egongo da, baita kale-antzerkia ere eta, nagusien danborradaren ondoren, Eibarko Lisker taldeak kontzertua eskainiko du.
Santa Ana egunean, 26an, eguerdian, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak egongo dira, eta 18:00etan herri-kirol jaialdia hasiko da. 19:30ean, Beranduegi taldeak kontzertua eskainiko du.
Kuadrillen Eguna ospatuko da 27an. Eguerdian paella lehiaketa egingo da eta, gero, kuadrilla ‘txapeldunen’ bazkaria. Elektrotxarangaren eta playback lehiaketaren ondoren, Rebel Boys eta Eibarko Mugi Panderoak kontzertua eskainiko dute.
Jaiak Umeen Egunarekin amaituko dira, 28an. Goizetik txirrista erraldoiak eta puzgarriak jarriko dituzte, eta eguerdian haur bazkaria eta jolasak egingo dira. 18:00etan haurren danborrada egingo da, gero buruhandiak eta erraldoien kalejira egongo da, 21:00etan Oskarbek kontzertua eskainiko du eta 22:00etan Katasorgina igoko dute.