Mendi irteera eguzkitsuaz gozatu zuten Eibarko 69 haurrek
Joan den igandean, otsailak 22, ikasturteko seigarren mendi-irteera egin zuten Eibarko haurrek. Giro zoragarriarekin ibili ziren gainera, eguzkiak eta tenperatura epelak lagundu baitzien bidean zehar. Horrela, asko gozatu zuten parte hartu zuten 69 haurrek, gurasoek lagunduta.
Zegama ingurura joan ziren txangoan Aizkorpeko ubidea eta mandobidea ezagutzeko, eta honako kronika egin dute:
“Aldapan gora hasi eta berehala atzean utzi genituen Irun-Madril tren linearen azpiko tunela, artzai txabolak eta hainbat ur-jauzi ikusgarri, Aizkorri mendizerratik datozen errekatxoak eta urak jasotzen dituen kanalaren zatirik xarmangarriena bertatik bertara ezagutzeko.
Kanal hau 1925. urtean eraiki zen indar elektrikoa lortzeko, eta gehienbat Zegamako papelerak erabiltzen zuen. Kanalaren bukaeran, Iturbieta izeneko presatxoan geldialdia egin genuen hamaiketakoa jateko.
Basoaren freskotasun eta edertasunean barrena ibili ondoren, Zegamako apeadero zaharrean amaitu genuen 8 km bueltako ibilaldi zirkularra”.
Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, HEMEN aurkituko dituzue.
Hurrengo irteera, ikasturteko zazpigarrena, 2026ko martxoaren 15ean izango da: Ibilaldi Neurtua (Antzuola). Ikusi umeen irteeren egutegia HEMEN.